Onnera Groupek Fagor taldetik irtetea erabaki du

Ezohiko batzarrean %70ek bozkatu dute irtetearen alde. 2013ra arte Fagor Industrial zenak 2.365 langile ditu mundu osoan. Mondragon taldean jarraituko du.

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. BERRIA.
Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. BERRIA.
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 27a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren hasieran ekin zion Onnera Groupek —2013ra arte Fagor Industrial zenak— Fagor taldetik atera ala ez erabakitzeko barne prozesuari, eta gaur izan du hori berresteko ezohiko batzarra: bozkatu dutenen %70ek babestu dute taldetik irtetea, kooperatibak berak azaldu duenez, «etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta proiektu sozio-enpresariala garatzeko modurik onenari buruz» hausnartu ostean. Fagor taldetik irten bada ere, kooperatibak Mondragon taldean jarraituko du. 

Ez da lehen aldia Onnerak Fagor taldetik irten ala ez erabakitzeko bozak egiten dituena: 2022an ere egin zituen, baina orduan taldean jarraitzea erabaki zuen gehiengoak. Kooperatibaren hitzetan, azken asteetako barne prozesua «elkarrizketatik, gardentasunetik eta elkarrekiko errespetu instituzionaletik» eraman dute Fagor taldearekin, irteera «modu ordenatuan» egiteko. 

Oñatiko kooperatiba sukaldaritzan, garbiketan eta hotz-sistemen esparruan «enpresa liderra» da Europan, eta hazten ari da azken urteetan: 400 milioi euro baino gehiagoko fakturazioak izan zituen iaz. Euskal Herrikoa barne, zazpi lantegi ditu Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon, eta 2.500 langile inguru ditu mundu osoan. Guztira, zazpi marka biltzen ditu kooperatibak: Fagor Professional, Asber, Edenox, Efficold, Danube, Domus eta Primer. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA