Naval erosi asmotan, Construcciones Navales del Norte taldea sortu dute Murueta ontziolak eta Ingeteam, GTD, Naviera del Nervion eta Iniciativas Navales del Norte konpainiek. Hilaren 17 dute SEPIri beren eskaintza aurkezteko azken eguna. Taldeko ordezkariek ez dute argitu Sestaoko ontziola bakarrik ala Xixon, Manises eta Sevillako lantegiak ere bere egin nahi dituzten. Nolanahi ere, Navalez jabetzeko lehian, oraingoz Zamakona ontziolak gidatutako inbertsiogile taldearekin neurtu beharko dituzte indarrak.
Muruetaren izena aspalditik zebilen ahoz aho. Naval eskuratzea ei zeukan helburu, baina bazkideen laguntzarekin, posible da Izarren ordezko Navantia talde publikotik kanpo geratu diren ontziola zibil guztiak erosten saiatzea. Gernikako itsasadarrean ontziola dauka Muruetak eta, batik bat, arrantzarako ontzi handiak, ferry txikiak eta zama ontziak egiten ditu.
Guztiak ere euskal enpresak
Ontzigintzan ez ezik, Ingeteamek ingurumena, industria eta energia ere langai dauzka. GTD taldea, ingeniaritza aeronautikoaren esparruan enpresa entzutetsua da Europa mailan. Naviera del Nervion eta Iniciativas Navales del Norte, azkenik, zuzendariengatik dira ezagunak azken horretako buru da Sidenorren eta Izarren ardura karguetan ibili den Jose Luis Alvarez. Euskal enpresak dira Muruetaren bazkide guztiak.
ONTZIOLAK. Muruetak lau bazkiderekin batera erosi nahi du Naval
Ingeteam, GTD, Naviera del Nervion eta Iniciativas Navales ditu bidaide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu