Chryslerren kontrola ziurtatu ondoren, Opelez jabetzeko eskaintza ofizialki aurkeztu zuen atzo Sergio Marchionne Fiateko presidenteak. General Motorsen Hego Ameriketako adarra ere beretzat nahi du Fiat. Helburua da urtero sei edo zazpi milioi auto egingo lituzkeen auto konpainia eratzea, handienetan bigarrena.
«Eskaintza interesgarria da, eta sakon aztertu beharko dugu», aitortu zuen Karl Theodor zu Guttenberg Alemaniako Ekonomia ministroak, Marchionnerekin bildu ostean. Harrera epelagoa egin dio Opelez jabetzeko beste eskaintzari, Magna autoentzako osagai egile kanadarrak egindakoari. Berez, Alemaniako Estatua ez da Opelen akziodun, baina haren jabe General Motorsek diruaren iturria itxi dionez, Berlingo agintarien esku dago markaren geroa. Izan ere, Alemaniako Gobernuak aurreratu du prest dagoela Opelek aurrera egiteko behar dituen maileguak bermatzeko. GMk dioenez, Opelek 3.300 milioi euro behar ditu krisia gainditzeko.
Lantegiak ixteko aukera
Sindikatuek, ordea, nahiago dute Magnaren eskaintza, enplegu gehiagori eustsiko diotela uste baitute. «Ez dakit Marchionne jauna gai ote den Opel salbatzeko, baina badakit Opel eta Fiat lehiakide zuzenak direla. Antzeko autoak ekoizten ditugu merkatu berarentzat, eta, hortaz, bat egiteak ezer gutxi ekarriko luke, eta asko kendu», ziurtatu du Armin Schildek, sindikatuek Opelen zaintza batzordean duten ordezkariak. Marchionnek ez du ukatu operazioak zenbait kaleratze ekarriko dituela, eta agian fabrika bat edo beste itxi beharko dela ere onartu du. Opelek hamar lantegi ditu eta hamaikaFiatek.
Fiat, Opel eta Chryslerrek, elkartuta, 5,5 milioi ibilgailu saldu zituzten iaz, eta 80.000 milioi euroko diru sarrerak. Arazoa da hiruen artean Fiatek soilik irabazi zuela dirua iaz, eta nahiko gutxi gainera. Marchionnek behin eta berriro esan duenez, bost milioi autotik gora ekoizten dituztenek soilik iraungo dute etorkizunean. Opelekin bat eginda, Fiatek urtero mila milioi euro aurreztuko lituzkeela uste du.
Opelez jabetzeko eskaintza egin dio Fiatek Alemaniako Gobernuari
Munduko auto enpresa handienetan bigarrena sortu nahi du Sergio Marchionne Fiateko lehendakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu