1990eko hamarkadan emandako laguntzak ez dituztela berreskuratu leporatuta, Europako Batzordeak 50 milioi euroko isuna jarri nahi die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei. Confebask ez dago ados. Bidegabea iritzi dio proposamenari. «Euskal enpresek uneoro eskatzen zitzaiena bete dute», azaldu du.
Lehenik eta behin, enpresek pizgarriak lortu ahal izateko beharrezko inbertsioak egin zituztela azaldu du. Horrez gain, diputazioek laguntzak itzultzeko egindako eskaera guztiak bete dituztela dio. Egoera «zaila eta mingarria» dela enpresentzat dio patronalak, eta ahalik eta azkarrena konpontzeko eskatu du.
Prozesuaren iraupenak berak eragin du isuna hainbestekoa izatea. Lehen epaia 2006ko abenduan eman zuen Europako Justizia Auzitegiak. Ordutikhurrengo epaira arte, eguneko 25.817 euro kobratzea proposatu du. Dagoeneko 38 milioi euroko zorra pilatu da, beraz. Kontuan hartuta bigarren epaia iritsi arte bi urte ere pasa daitezkeela, 50 milioi eurotik gorakoa izan daiteke zigorra baldin eta auzitegiek Europako Batzordeari ematen badiote arrazoia. Helegitearen aukera ere bukaeraraino eramateko prest daudela adierazi dute aldundiek.
Isunaz gain, itzultzea falta den diru guztia ere eman beharko dute. Europako Batzordearen arabera, 587 milioi euro. Hiru diputazioek erantzun dute bueltatu dutela dagoeneko, 280 milioi hain zuzen. Izan ere, foru aldundiek txikitu egin dute itzuli beharreko dirua, garai hartan Europan indarrean zeuden laguntzen batez besteko kendu baitiete, %25 inguru. Diputazioek emantzat jo dute enpresek laguntza horiek jasoko zituztela.
Baikor agertu da Iñaki Gerenabarrera Araba Buru Batzarreko presidentea. Diputazioek «lana ondo» egin dutela adierazi du, eta auzitegiek arrazoia emango dietela uste du. «Europako Batzordeak proposamen bat egin du, eta diputazioak inondik inora ez daude ados.Enpresek itzulitakoa ez dela aski dio, baina diputazioentzat bada; beraz, auzitegiek esan beharko dute nork duen arrazoia».
Opor fiskalen isuna bidegabea dela dio Confebaskek
Patronalaren esanetan, enpresek beti bete dute exijitu zaiena, bai laguntzak jasotzean eta bai itzultzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu