Oposizioak EAJko kargudunak egin ditu Epsilon eta Hirikoren erantzule

EH Bilduk Arantza Tapia aipatu du helegiteetan, eta Tapiak berak dio «akusazio faltsuak» direla

Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua, Epsiloni buruzko azalpenak ematen, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
xabier martin
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
EH Bilduk izen-abizenak irakurri nahi ditu Epsilon eta Hiriko ikertu dituen batzordearen txostenean; besteak beste, Arantza Tapia eta Ana Agirrerenak. PSE-EE ados da Carmelo Barrio PPko legebiltzarkide eta ikerketa batzordeko presidenteak joan den ostiralean erregistratutako txosten proposamenarekin, baina ez luke arazorik txostenean zehaztuko balira erantzule politiko gisa azaltzen den EAEko Sustapen Ekonomikorako Kontseiluko kideen izen-abizenak ere. Eta UPDk ere oniritzia eman dio PPren 57 orriko txosten proposamenari; baina, alderdi horren ustez, idatzia hobeto legoke Rodriguez Zapateroren gobernuaren erantzukizunak agertuko balira.

Oposizioak, beraz, Epsilon eta Hiriko autogintza proiektuei emandako laguntza publikoen erantzule politiko egin nahi du EAJ, eta batzuek alderdi horretako kide jakin batzuen izenak jarri nahi dituzte apirilaren 1etik aurrera auziak ikertu dituen batzordearen ondorioen txostenean. Legebiltzarkide taldeek atzo arte zuten aldaketak proposatzeko Carmelo Barrioren txostenean, eta alderdiek egindako helegiteek argi uzten dute erantzukizun politikoak EAJren esparruan kokatu nahi dituztela.

«Alderdiaren interesetan»

EAJk oso bestela ikusten du Epsilon eta Hiriko proiektuetan gertatutakoa; Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak atzo esan zuen EAJk aurkeztu dituen 50 helegitetik gorako azalpenek EH Bilduren «salaketa faltsuak» desegiten dituztela; PPk «alderdiaren interesak lehenetsita» babestu ditu salaketa horiek, jeltzaleen arabera. Halaber, EAJk uste du Barrioren zirriborroak «zilegitasuna» galdu duela, ez dituelako batzordeak aztertutako hainbat txosten aipatzen; adibidez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarena.

Bozkatuko den behin betiko txostena biharko prest egotea aurreikusita dago. Beraz, bihar ikusiko da, eztabaidaren ostean, erakunde jakin batzuen erantzukizun politikoak edota pertsona jakin batzuenak azalduko diren idatzi horretan. 1 Formulan lehiatu nahi eta sekula boxetik atera ez zen proiektuaren ikerketa hil honetan itxiko da, edonola ere. Hiriko auto elektrikoaren proiektuaren ikerketa poltsa berean dago, eta, horretan ere, taldeek zehaztuko dute erantzukizun politikoak norenak diren.

Batzordeko presidentearen txostenean argi esaten da 56 milioi euro publiko galdu direla proiektu bietan: Epsilonen, 48 milioi, eta Hirikon, gutxienez 16 milioi. Barrioren idatzian, ordea, ez dira aipatzen banakoen erantzukizun politikoak, erakundeenak baizik. Behin-behineko txostenak bi erakunde jarri ditu jomugan: EAEko Sustapen Ekonomikorako Kontseilua, 2007an egindako kudeaketagatik, eta Arabako Teknologia Parkearen administrazio kontseilua, 2009an hartutako erabaki bategatik. Sustapen kontseilu horretako buru ziren, besteak beste, Ana Agirre—orduko Industria sailburua— eta Arantza Tapia —Gipuzkoako Mugikortasun diputatua, 2007an—.

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok salaketa larriak egin zizkion atzo EAJri: «Konplot bat egon da jendarteari dirua lapurtzeko, eta konplot horren ezaugarri nagusia da enpresa batzuen eta EAJren arteko harremana. Ez gara ate birakariez ari; hemen diru publikoaren ateak ireki zituzten, enpresari batzuek eraman zezaten. Helburua herritarrei lapurtzea izan da hasieratik, ez proiektu teknologiko bat sustatzea».

Arantza Tapiak, berriz, goitik behera ukatu zuen EAJk erantzukizun politikoa duela Epsilonen eta Hirikoren auzietan, eta gogor kritikatu zuen Barrioren txostena, EAEko Sustapen Ekonomikorako Kontseilua daukalako miran, «laguntza handiena» Madrilek eman zuela ahaztuta. Esan zuen «idatzia erabat lerratua eta alderdikoia» dela eta hala erakusten dutela EAJren helegiteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.