Fagor Etxetresnak

Ordainduk helegitea jarriko dio Mondragonen aurkako epaiketaren ebazpenari

Bergarako epaitegiak atzera bota zuen uztail bukaeran Ordainduk Mondragonen aurka jarritako auzi-eske kolektiboa, preskribatua dagoela ebatzita.

Demadatzaile talde bat Bergarako epaitegin, iragan ekainean. JUANAN RUIZ / FOKU
xabier martin
2018ko irailaren 7a
07:07
Entzun

Fagor Etxetresnak kooperatibaren itxieran borondatezko ekarpenak, maileguak eta derrigorrezko ekarpenak itzultzeko eskatu zuten Ordaindu eta Eskuratu elkarteetan bildutako ehunka kidek joan den ekainean, baina Bergarako epaitegiko titular Angela Rodriguez-Monsalvek ez zuen aintzat hartu. Guztira, 47 milioi eurotik gora eskatu zituzten, baina epailearen arabera, salaketa hori epez kanpo egin zuten; preskribatua dago, alegia. Ordainduk ez du amore eman nahi, ordea, eta orain Gipuzkoako auzitegira joko du Mondragon taldearen aurkako demandan.

Ordainduk espero du beste epaile batek preskripzioa ez dagoela erabakitzea, eta auzi-eske kolektiboaren "mamia aztertzea". Bergarko epaileak ez zuen mamia aztertu, salaketa bera epez kanpo egin zela ebatzi zuelako. Auzi-eske hori ia 900 kidek sustengatu zuten, eta Ordainduk 600 kideren erabakiaz hitz egin du orain hedabideetara igorritako ohar batean. Izan ere, Eskuratu elkartean beste 300 daude, eta elkarte horrek datorren asteartean erabakiko du helegite horretan sartzen ote diren. "Harritzekoa eta ulertezina" da Bergarako epaitegiko ebazpena, Ordainduren ustez, nahiz eta epaiketak iraun zuen lau egunetan, lekukoen aulkian eseritako guztiek ukatu Mondragonen esku hartzea Fagor Etxetresnak kooperatibaren erabakietan.

Mondragon korporazioak jakinarazi zuen epaia ezagutu zenean, uztailaren amaieran, justiziak absolbitu egin duela «auzi jartzaileen asmo guztietatik». Korporazioak aldeko ebazpena espero zuen, Bergarako epaiketa argigarria izan baitzen. Gogorarazi zuen epaiketan «argi eta garbi» geratu zela Arrasateko taldeak «ez ziela inolaz ere iruzurrik egin auzi jartzaileei». Horrenbestez, «hasieratik» defendatu dituen argudioak «berretsi» egin direla esan zuen Mondragonek: «Kooperatibak autonomoak eta burujabeak direla, eta kooperatibena eta soilik kooperatibena dela horien etorkizunari buruzko erabakien erantzukizuna, beste ezein instantziatara eskuordetzeko aukerarik izan gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.