Tartean behin porrot egin arren, Europako Batzordeak ez du etsi enpresa teknologikoen nagusikeriaren aurkako borrokan. Appleri egokitu zaio orain Bruselaren errieta jasotzea: lehiaren aurkako jokaera egotzi dio, Apple Pay bere zerbitzuaren lehiakideei sarbiderik ez emateagatik, iOs sistema eragilean telefono bidezko ordainketetan.
Duela bi urte zabaldu zuen ikerketa Margrethe Vestager Lehia komisarioak, eta atzo kaleratu zuen haren lehen emaitza. Vestagerren arabera, uste dute Applek «derrigorrezko teknologiarako sarbidea mugatu» diela telefono bidezko ordainketa aplikazioak garatu nahi dituzten Apple Payren lehiakideei.
Ordainketa sistema horiek NFC izeneko mikrotxip bat (Near Field Communication) erabiltzen dute telefonoaren eta ordainketa aparatuaren arteko lotura egiteko, kontakturik gabe. Lehiakideak kexu dira Applek ez diela iPhone telefonoen NFCan sartzen uzten. Applek argudiatu izan du muga hori segurtasun arrazoiengatik jarria duela, lehiakideei sarbidea emanez gero iruzurra egiteko aukerak handituko liratekeelako. Argudio hori ukatu du Vestagerrek: «Segurtasunari dagokionez oso serioak gara, baina gure orain arteko ikerketak ez du frogatzen arrisku hori dagoenik. Kontrara, froga daiteke segurtasun arazoek ezin dutela justifikatu Appleren jokaera».
Ikerketa sakonago batek akusazioa baieztatzen badu, AEBetako konpainiak bere diru sarreren %10 arteko isun bat ordaindu beharko dio EBri. Iaz Applek 350.000 milioi euro fakturatu zituen, eta 35.000 milioi dira kopuru horren %10, Euskal Herriko barne produktu gordinaren heren bat gutxi gorabehera.
Telefono bidezko ordainketei buruzkoa ez da 2020an Vestagerren taldeak irekitako ikerketa bakarra. Halaber, aztertzen ari da Apple kalte egiten ari ote den App Storeren lehiakideei, aplikazio batzuetan harpidetzaren %30 beretzat gordetzen duelako eta, aldi berean, zerbitzu batzuk ematen ez dituelako. Spotifyk salatu zuen Apple.
Isuna, bertan behera
Edonola ere, Appleren eta Europako Batzordearen arteko gatazkarik sonatuena zergen ingurukoa izan zen. 2016an, Batzordeak Irlandari agindu zion berreskura zitzala Applek trikimailu fiskalen bitartez zergetan ordaindu ez zituen 13.000 milioi euro. Dublingo gobernuak berak egin zuen erabaki horren aurka, uste zuelako diru gehiago zuela galtzeko baldin eta Applek erabakitzen bazuen Irlandan duen parte hartzea txikitzea. Applek 6.000 langile ditu Cork hirian, eta EBko negozioaren zatirik handiena handik gidatzen du, Irlandako zerga sistemaren abantailak baliatzeko. Azkenean, 2020an, EBko Auzitegiak arrazoia eman zion Irlandari, eta kolpe gogorra Vestagerri.
Duela bi aste, Bruselak bi araudi onartu zituen talde teknologiko handien boterea mugatzeko.
Ordainketa sistemetan gehiegikeriaz jokatzea egotzi dio EBk Appleri
Apple Payren lehiakideei sistema eragilerako sarbidea mugatzea leporatu dio EBk. Appleri 35.000 milioi eurorainoko isuna jar diezaioke

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu