Duplomb legearekin lortu ez zutena lortu dute oraingoan Frantziako Asanbleako eskuineko diputatuek, laborantza larrialdiaren legea dela medio. Iragan urtean porrot egin ondoren, zenbait pestizida berriz erabiltzeko aukeraz bozkatzea lortu du eskuinak: 296 diputatuk alde egin dute, eta 224k kontra. Hala, azetamiprid eta flupiradifurona pestizidak laster erabiltzen ahalko dituzte berriz Ipar Euskal Herriko laborariek ere, Anses Elikaduraren, Ingurumenaren eta Lanaren Segurtasun Sanitarioko Agentziaren kontrolpean. Senatuak diputatuen boza berretsi du gauean.
2. Duplomb legea izena eman diote batzuek atzo bozkatutako laborantza larrialdiaren legeari, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak iazko Duplomb legetik baztertu zituen pestizidak onarrarazteko bigarren saiakera besterik ez baita izan. Erraterako, 2025eko uztailaren hasieran, Laurent Duplomb diputatu errepublikanoaren lege proposamena bozkatu zuten Asanblean. Baiezkoak irabazi zuen. Lege horren helburua laborari lanaren «hertsapenen kentzea» zen, haren defendatzaileen erranetan. Baina Duplomb legearen 2. artikuluak eztabaida handia piztu zuen, azetamiprid pestizida baimentzen baitzuen.
Legearen aurkakoek bi milioi sinadura baino gehiago bildu zituzten hilabete batez, eta, bestalde, Konstituzionalak ere ebatzi zuen azetamiprid pestizida «arriskutsua» dela gizakien osasunerako. Horiek horrela, azetamipridaren debekua atxiki zen, baina herri mugimenduaren gainerako eskaerak ez zituzten aintzat hartu, eta Duplomb legea indarrean sartu zen.Â
Orain, berriz, laborantza larrialdiaren legea izendatu dutenarekin ahalegindu dira berriz ere pestizida horiek erabiltzeko atea irekitzen: Duplomb legearekin lortu ez zituztenak erdiesteko saiakera bat da, funtsean. Astearte goizaldean egin dute bozketa Frantziako Asanblean. Ezkerreko hautetsi guztiz gehienek egin dute legearen kontra, baina eskuin muturrak, eskuin errepublikanoak eta zentroko hautetsi anitzek bat egin dute legearen alde, eta, tartean, gobernua sostengatzen duten alderdietako ordezkarien botoa ere zatitu egin da, eta horrela egin du aurrera.
Pestizidak baimentzeaz gainera, otsoak ehizatzeko erraztasunak ematen ditu legeak, etxalde handiak eraikitzeko ere bai, eta ingurumena babesteko legeek laborantza proiektuetan izan ditzaketen eraginak leuntzen, besteak beste.
Senatuak diputatuen boza berretsi bezala, ezkerreko alderdiek hitzeman dute Kontseilu Konstituzionalera joko dutela beste behin, legea bertan behera uzteko.
Alternatibei bizkar emanik
Legea bozkatu aurretik ere, militante ugari Parisko karriketara atera dira astelehenaz geroztik. Fleur Breteau Cancer Colere kolektiboko sortzaile eta lehendakariak gogor salatu ditu «minbiziaren aliatuak». Hitzeman die 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeen denboran politikarien «amesgaizto bilakatuko» direla, eta «gerrilla» gisa ariko direla. Greenpeace taldeak, berriz salatu du «gobernua eta haren aliatuak zientzia, osasuna, ingurumena eta herritarren borondatea zapaltzen» ari direla.
2018tik geroztik dago debekatua azetamiprida; erle hiltzailea deitzen diote batzuek, baita flupiradifurona substantziari ere. Europako Batasunean onartuak dira —Hego Euskal Herrian bertan erabil daitezke—, eta zenbait sindikatuk eta alderdik hori bera baliatu dute Frantzian orain arte debekatua egon dena berriz onartzeko argudio gisa. Adibidez, FNSEA sindikatua pestizida horien berriz baimentzeko borrokan dabil aspalditik, laborantza konbentzionalaren eta intentsiboaren alde egitearekin batera. Europako Batasuneko legedia da pestiziden baimentzearen aldekoen argudioetarik bat, uste baitute beste laborari batzuek erabil ditzaketen produktuak erabili ahal ez izateak bide ematen diola konkurrentzia desleialari.

Azetamipridaren kontrako borrokan, bi lanjer nagusi aipatzen dituzte militanteek: erleei eragiten diena eta gizakiei eragiten diena. Aspalditik jakina da, neonikotinoide guztiek bezala, azetamidak intsektuen nerbio sistemari erasotzen diola. Badira urteak INRAE laborantza ikerketarako zentroak erraten duela hainbat ikerketa zientifikok frogatu dutena: azetamida lanjerosa da polinizatzaileentzat.Â
Horregatik, Laborarien Konfederazioa eta ELB behin eta berriz agertu dira pestizida horien berriz baimentzearen kontra. Stephane Galais Laborarien Konfederazioko ordezkariak adierazi du onartzeko bidean den legea «historiaren eta laborariek behar dituzten erantzunen norabidearen guztiz kontrakoa» dela.
Arriskuak haurkientzat
Gizakiei dagokienez, badirudi pestizida horrek arazoak ekar ditzakeela haurkien garunaren garapenean. EFSA Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak, beraz, proposatu zuen laborariek egunean erabiltzen ahalko zuten kantitatea jaistea; horregatik leporatu zaio posizio anbiguoa izatea, ez baitzen produktua debekatzearen alde agertu lanjerez oharturik ere.
Orain, 2. Duplomb legearen bidez, laborariek baimen berezia ukanen dute azetamipridaren eta flupiradifuronaren erabiltzeko baldin eta laborantza ekoizpena lanjerean badute eta alternatibarik gabe gelditu badira. Hor dator bigarren eztabaida handia: zeren arabera erran daiteke alternatibaren bat badela? Legearen defendatzaileen arabera, neonikotinoideak ezinbestekoak dira zenbait produkturen ekoizteko, hala nola beterraben eta hurren ekoizteko. Haien ustez, beraz, ez dago alternatiba jasangarririk.
INRAE ikerketa zentroak 2019an argitara atera zuen dosierraren arabera, berriz, alternatibak badira kasuen %96an. Kontua da gehienetan alternatiba horiek karioagoak direla; hori bera kritikatzen dute legearen kontrako laborari eta herritarrek, erraterako ELBko ordezkariek: «Guretako, osasuna izan behar da kontuan lehenik, eta errentagarritasuna gero».