Berehalakoa izan da erabakia. Frantziako Kontseilu Konstituzionalak Duplomb legeari buruzko iritzia plazaratu eta lau egunera, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak behin betiko promulgatu du legea, kontseiluari obedituz. 2018az geroztik debekatua den azetamiprid pestizida ez du berriz baimendu, kontseiluak gizakiaren osasunerako «arriskutsua» dela adierazi zuelako. Legearen beste artikuluei dagokienez, berriz, Frantziako lehendakaria alde agertu da: administrazioak erraztasunak martxan jarriko ditu etxalde handiagoak egin ahal izateko eta laborantzarako ur biltegi erraldoiak eraikitzeko.
Izan ere, uztail hasieran, Laurent Duplomb diputatu errepublikanoaren lege proposamena bozkatu zuten Frantziako Asanblea Nazionalean. Baiezkoak irabazi zuen: 316 boz alde eta 223 kontra. Lege horren helburua laborari lanaren «hertsapenen kentzea» da. Baina, hainbat neurriren artean, Duplomb legearen 2. artikuluak eztabaida handia piztu zuen azetamiprida baimentzen zuelako, eta, hilabete batez, 2,1 milioi sinadura bildu zituzten legearen aurka. Azetamiprida debekatu arren, herri mugimenduaren gainerako eskaerak ez dituzte aintzat hartu, eta Duplomb legea indarrean sartu da.
Eztabaidak hor dirau
Macronen erabakiak ez ditu eragile askorik poztu. Hasieratik legearen aurka zirenentzat, legearen promulgazioa ez da berri ona izan. Laborarien Konfederazioak borrokarako deia egin du, esaterako. ELBko kideak ere gogor mintzatu dira Duplomb legearen kontra, eta ez soilik pestizida hori erabiltzea baimendu nahi zuelako, baizik eta laborari handien eta monolaborantzan ari direnen onurarako egina dela ikusten dutelako. Frantziako Asanblea Nazionaleko talde ekologistek, berriz, esan dute legearen «indargabetze osoa» eragingo lukeen lege proposamen bat aurkeztea pentsatzen ari direla.
Bestalde, Duplomb diputatuak ez du baztertu azetamiprida berriz sartzeko beste testu baten proposatzea, aldi honetan Kontseilu Konstituzionalak ezarritako irizpideak aintzat hartuta. Adituek argitaratu dutenez, pestizidaren «arautze falta» bateraezina da Ingurumenaren Gutunak finkatzen duen legediarekin. Horretarako, Duplomb diputatuak uste du lan bat eramaten ahal dela pestizidaren baimentzeko. FNSEA sindikatuak, berriz, gogor kritikatu zuen kontseiluaren ebazpena, eta orain adierazi du ez duela onartuko Macronek legea promulgatzea pestizida onartu gabe.