Orioko 'Beti aingeru' ontziko kapitaina atxilotu dute Angeluko kostaldean antxoa arrantzatzeagatik

Apirilaren 9an atxilotu zuten, eta 6,4 tona antxoa atzeman zituzten ontzian. 'Beti aingeru' ontzia 2025eko irailaren bukaeran egin zen ezagun, armadoreak «matxinatu» izana egotzi zielako marinelei. Haiek, ordea, «lan esplotazioa» salatu zuten.

'Beti aingeru' arrantzontzia, Getarian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
'Beti aingeru' arrantzontzia, Getarian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko apirilaren 16a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria zatitzen duen mugaren eragina itsasoraino ere iristen da: Baionako fiskal Mariel Garrigosek jakinarazi duenez, euskal itsasontzi bateko kapitaina atxilotu egin zuten apirilaren 9an Angelu parean (Lapurdi), eta ontzia, Orioko Beti aingeru izenekoa (Gipuzkoa), Baionako portura eraman zuten, «Frantziako uretan baimenik gabe arrantzatzeagatik». Ontzian 6,4 tona antxoa atzeman zuten. Ontzia gaur arte egon da Baionako portuan, eta gaur irten da handik, 10.000 euroko fidantza ordainduta. Epaiketa urrian izango da, eta urtebeteko espetxe zigorra eta 75.000 eurorainoko isuna jaso lezake. 

Espainiako bandera duen Beti aingeru itsasontziko kapitaina 2026ko urrian epaituko dute, Baionako Auzitegi Korrekzionalean. Haren ontzia antxoa arrantzatzen harrapatu zuten Angelu parean, baimenik gabe.

Itsasontzia apirilaren 9an atzeman zuten, Angelutik 6.000 nautiko baino gutxiagora; eta Baionako portura eraman zuten. «Arrantzontziko kapitainari arau hauste larri bat atzeman zaio, Europako Batasuneko arrantza araudiaren arabera, Frantziako subiranotasun edo jurisdikziopeko uretan baimendu gabeko itsas arrantza egiteagatik», jakinarazi du Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak.

Delitu horrengatik urtebeteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna izan ditzake.

Beraz, Pirinio Atlantikoetako eta Landetako lurraldeetako eta itsasoko departamendu zuzendaritzaren aginduz, Baionako portuan izan dute atxikita itsasontzia, apirilaren 9tik. Ontzia portutik atera ahal izan da, astebete geroago, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean.

Lan esplotazioaren susmopean

2025eko irailaren 27an jendaurrera agertu zen Beti Aingeru, egun horretan, Guardia Zibilak itsasontzia atxiki zuelako, armadorearen esanetan, hamalau arrantzaleko eskifaiatik hamabi matxinatu egin zirelako. Gijongo portura eraman zuen ontzia, eta armadoreak salaketa jarri zien hiru arrantzaleri; haietako biri, mehatxuengatik, eta besteari, mehatxuengatik eta erasoengatik.

Arrantzaleek, ordea, gertatutakoaren beste bertsio bat eman zuten: itsasontzi horretan 37 egun eman zituzten, hegaluzeak arrantzatzen, eta, etxean bi eguneko atsedena egin ondoren, beste 26 egun egin zituzten uretan, irailaren 27an egoerak eztanda egin zuen arte, Asturiasko (Espainia) itsasoan. Eskifaiako kideek adierazi zuten ez zela matxinada izan, «eskubideen aldarrikapena» baizik. Azaldu zuten lan egiteari utzi ziotela patroiak «heriotza mehatxuak» egin zizkielako eta «hainbat objektu» bota zizkielako.

LAB sindikatuak ere esku hartu zuen aferan: urriaren 10ean egin zuten agerraldia, Getariako portuan (Gipuzkoa). Besteak beste, salatu zuten arrantzaleek ez zutela jaso kaleratze agiririk, eta iraileko soldata ere jaso gabe zeukatela. LABek arrantza sektoreko «lan esplotazioa eta arrazismoa» salatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA