Orkestrak 53 'txapeldun ezkutu' aurkitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Sektore oso berezituetan liderrak izan arren oso ezagunak ez diren konpainiei esaten zaie hala. Euskal finantza erakundeen babesa behar dutela nabarmendu du institutuak.

Vicinay da Orkestrak aurkitu duen txapeldun ezkutuetako bat. VICINAY MARINE
Vicinay da Orkestrak aurkitu duen txapeldun ezkutuetako bat. VICINAY MARINE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 15a
15:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orkestra Institutuak alor oso espezializatuetan liderrak diren baina ikusgarritasun publiko urria duten 53 enpresa aurkitu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekonomiari buruzko hizkuntzan txapeldun ezkutuak deitzen zaizkie konpainia horiei, oso ezagunak izan ez arren itzal handikoak direlako beren merkatuetan. Hori bai, institutuak nabarmendu du erakunde publikoek haien jarduna zaindu behar dutela, haien iraupena ezin baita ziurtzat jo.

Nolakoak dira txapeldun ezkutu horiek? %90ek Europan jarduten dute; %82k, Ipar Amerikan, eta %72,5ek, Asian. Ez dira datu harrigarriak, txapeldun ezkutuen ezaugarri bat nazioarteratze maila handia izaten baita. Tamainari dagokionez, 21ek 10 eta 50 milioi euro artean fakturatzen dute, eta hamaseik 50 eta 200 milioi artean.

Era askotako enpresak daude zerrendan. Batetik, Tubacex, Arteche, Danobat, Vicinay eta Bellota daude, Euskal Herrian bederen izen bat duten enpresak, baina egia da zerrendako asko ez direla hain ezagunak. Hori bai, ikerketaren arabera, balio erantsia dute guztiek: sormen ahalmena ohikotik oso gora dago, eta ez dute arriskurik hartzen finantza operazioetan.

Haien erronkak aztertzean, besteak beste, Orkestrak Txina aipatu du, «bazkide izatetik lehiakide izatera» igaro baita; tamainaz handitzeko finantzaketaren eskutik autonomia galtzeko arriskua —funtsen sarrera— ere aipatu du, baita eskulan berezitua eta lekukoa hartuko duten langileak aurkitzeko zailtasunak ere.

Hala, institutuak adierazi du enpresa horiek «zaindu» egin behar direla, eta aholku batzuk eman ditu. Batetik, bankuei: barneko finantza ekosistemak erraztasunak eman beharko lizkieke, errotzea bermatzeko. Eta bestetik, erakunde publikoei: politika malguak diseinatu beharko lituzkete enpresa horien errealitate oso ezberdinetara egokitu ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE