Orkestrak uste du euskal industriak mundura lotzeko modu berriak behar dituela

Orkestra Lehiakortasunerako Institutuak nazioartera zabaltzeko beste modu estrategiko bat hartzeko aholkatu dio euskal industriari. Beharrezkotzat jo du, besteak beste, merkatuak dibertsifikatzea eta atzerriko akziodunei atea irekitzea.

Susana Franco, gaur txostena aurkezteko ekitaldian. ARITZ LOIOLA  / FOKU
Susana Franco, gaur txostena aurkezteko ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko azaroaren 24a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak gomendio zuzena egin dio euskal industriari bere azken txostenean: mundura irekitzeko modu berriak aurkitu behar ditu. Nazioartera zabaltzea derrigorrezkoa den garai honetan, euskal industriak «merkataritza irekiera tradizionaletik harago» joan behar du, eta, besteak beste, ondorioetan adierazi du harremanetan «arriskuak dibertsifikatu» beharko lituzkeela. Alegia, bezero eta hornitzaile berriak aurkitu behar dituela, Europara mugatu gabe. Halaber, iritzi dio atzerriko inbertsioa erakartzen saiatu behar dela, badakien arren horrela enpresen errotzea zaildu daitekeela. Horrez gainera, adierazi du komeni dela atzerriko langile kualifikatuak ikasle direnean lotzea.

Deustuko Unibertsitatearen menpeko institutuak euskal gizartearen argazki orokor bat egiten du urtero bere txostenetan, eta, ekonomiaren arloan nazioartekotze maila —Espainiatik kanpoko harremanei buruz ari da— aztertu duenean, ikusi du «panorama ez dela batere ona». 2024ko egoeraz ari da ikerlanean, eta urte horretan EAEko ondasunen —txostenak ez ditu ikertzen Nafarroa eta Ipar Euskal Herria— esportazioak BPGaren %35,1etik %31,5era jaitsi ziren. Produktukako entresaka eginda, energiaz bestelako produktuen esportazioak %32,9tik %29,5era jaitsi ziren, eta ondasunen eta zerbitzuen esportazioak, %39,1etik %36,7ra. Besteak beste, datu horietaz oharturik hasi ziren Orkestrako ikerlariak euskal industriak nazioartearekin duen harremana aztertzen.

«Fiskalitatea erreminta bat izan daiteke, baina atzerriko konpainiek urrunago begiratzen dute. Lanerako ekosistema bat nahi dute, lege egonkorrak dituena eta langile trebatuak bermatuko dizkiona»

JAMES WILSON Orkestrako zuzendari nagusia

Epe motzeko datuak ez dira onak, baina Orkestra ez da katastrofismoan erori Nazioarteko konexioa, industriaren bultzatzaile txostenean, eta argi utzi du merkataritza saldoa positiboa dela oraindik ere. Alabaina, joera baten aldaketa aipatu du. Eta joera hori ulertu eta aldatzen saiatzeko, xehe aztertu ditu «nazioarteko konexioen hiru bide nagusiak»: merkataritza menpekotasunak, inbertsio fluxuak, eta pertsonak eta jakintza.

Euskal industriak esportazioen menpekotasun handia du, %80 ingurukoa. Balio teknologiko ertaineko gailuak—autoak, autogintzarako zatiak, siderurgia landua…— esportatzen ditu, eta balio teknologiko handikoak inportatu. Arazo nagusietako bat, baina, zera da, bezero dituen herrialde kopurua mugatua dela eta gehienak Europakoak direla, alegia ingurune geografiko berekoak. Gauzak horrela, Orkestrak honako aholku hau eman die enpresei: Europan eta AEBetan finkatzearekin batera, presentzia handituko beharko lukete «arrisku handiagoko baina hazteko potentzial handiagoko merkatuetan; esaterako, Asiako eta Latinoamerikako batzuetan». Hornitzaileei dagokienez, aholku bera ematen die.

Orkestrak, halaber, merkatua handitzeko beste bide bat iradoki die euskal industriako enpresei: industria zerbitzuen konexioa. «Industriaren zerbitizazioa» aipatu du, eta hura bultzatzen lagun dezakeen beharrari erantzutea. Alegia, harreman komertziala zabaltzea, eta makina edo produktu bat saldu eta mantentze lan edota doitze prozesua eskaintzea ez ezik, «zerbitzu aurreratuen kontzentrazioa sustatuko duten» egitasmoak ere bultzatzea. Bide horretan klusterren garrantzia nabarmendu du.

Dirua, baita atzerritik ere

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Eraldatuz 2030 plana finantzatzeko erremintak aurkeztu zituenean, Imanol Pradales lehendakariak argi esan zuen euskal enpresek atea ireki behar zietela munduko funtsei, eta Orkestrak bide beretik jo du. Argi dio herrialdera sartzen diren inbertsio funtsek «ekoizpen sarea indartu» dezaketela, baina bi ahoko ezpata dela: «Inbertsio horren zati bat tokiko ekonomian errotu gabeko funtsen edo enpresen bitartez bideratzen da, eta horrek erabakiguneak kanpora eramateko arriskua dakar». Gaur egun, esaterako, EAEko 873 enpresak dute nazioarteko akziodunen bat; hau da, guztien %4,4; eta, finantza akziodunak ere zakuan sartuz gero, %7,6ra igotzen da kopurua.

Metalgintza sektoreko langile bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Metalgintza sektoreko langile bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek gehiago inbertitzen dute atzerrian atzerrikoek hiru lurralde horietan baino, baina hori oso ohikoa da lurralde industrial garatuetan. Orkestrak, baina, norabide aldaketa bat sumatu du: 2019tik 2023ra hiru lurraldeetara iritsitako stocka %12,6 handitu zen, eta ateratakoa, aldiz, %5. Atzerritik sartzen diren fluxuen %76 lehendik dauden enpresak erosteko eragiketetan kontzentratzen da; aldiz, aurkako norabidean %56,2 dira. Alegia, diru mugimendua dagoela, eta, dirua badabilenez, Orkestrak dio «oreka» bilatu behar dela herrialdearen mesedetan.

Baina nola? Hor dago koxka. «Emaitzek baldintzaturiko pizgarri sistemak eta laguntza selektiboak» iradokitzen ditu, eta zehaztu du errotzea ez dela jabetzara mugatzen, lurraldearekiko lotura funtzionala eskatzen duela: hornitzaile kateak, akordioak hezkuntza zentroekin… Baina zer pizgarri? Fiskalitatea? James Wilson zuzendari nagusiak azaldu du hori baino zerbait gehiago dela: «Fiskalitatea erreminta bat izan daiteke, baina atzerriko konpainiek askoz gehiago begiratzen dute. Lanerako ekosistema bat nahi dute, lege eta arau egonkorrak dituena, langile trebatuak bermatuko dizkiona, hornitzaileak, zoru industriala…».

fitxaketak, harrobirako

Pertsonak eta Jakintza atalean, jendearen mugimendua aztertu du Orkestrak. Ez da txosten batean gai horretan sakontzen duen lehen aldia, eta orain ere ondorio argia du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanean diharduten migratzaileen %42,7k bakarrik dute bere hezkuntza mailari dagokion lanpostua. Alde horretatik, jakintza horien galbahe zehatzago bat egin beharko litzateke lan merkatuan dagokien tokian kokatzeko. Halaber, langile trebatuak erakartzea gero eta zailagoa den garai honetan, Orkestrak uste du hobeto baliatu beharko litzatekeela Euskal Herriak atzerrian duen harreman sare zabala: euskal etxeak, nazioarteko elkarteak… Eta diaspora erabili erakarpen indar gisa.

Talentuaren arrantzan, baina, gabezia handi batez ohartu da Orkestra: atzerriko ikasle gutxi datoz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate ikasleen %6,8 baino ez dira atzerritarrak. Datu hori atzerrian ikasten duten euskal ikasle kopuruaren antzekoa da, baina Espainiako erkidego autonomo batzuek dutena baino txikiagoa. Orkestrako ikertzaileak dio oso garrantzitsua dela mugimendu hori handitzea, modu estrategikoan eta «euskal industriaren egungo eta etorkizuneko beharrak» kontuan hartuta.

Unibertsitate eta lanbide heziketa ikasleez ari da, eta honako hau gehitu du: «Horrek industriarekiko harremanak estutzea dakar, bai atzerriko ikasleak ekartzeko orduan, bai ondoren lurraldean errotzea lantzeko orduan». Argi ulertzen da lerro artean dioena, ikasle onak gazte erakarriz gero, behin langile trebatu direnean errazagoa izango da haiek Euskal Herrian gelditzea haien ibilbide profesional eta pertsonala bertan garatu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.