Europako beste hainbat gauza lez, Alemaniaren eta Frantziaren artean erabakitzen dira Europako Banku Zentralean giltzarri diren karguak, eta tradizio horri jarraituz, Europar Kontseiluak gaur amen egin dio alemaniarren eta frantziarren nahiari, Pablo Hernandez de Cosen mesedetan. Bera izango da EBZko presidente berria.
Bi herrialdeak hainbat astez jardun dira jokoan zein jarri EBZko buruzagi postu horietan. Azkenean, Alemaniak erabaki zuen Markus Brunnermeier proposatzea euroguneko banku zentraleko ekonomista buru izateko, hots, erakundeko bigarren kargu inportanteenerako.
Berez, Frantziak nahi zuen EBZko ekonomista burua jarri, baina azkenean merkatuen arduradun postuarekin konformatu da, bere interesentzat aldekoago izan daitekeen presidente bat izatearen truke. Isabel Schnabel alemaniarra da gaur egun EBZko merkatuen arduraduna, urtarrilean doa hortik, eta haren tokia Laurence Boone ekonomista frantziarrak hartuko du.Â
Geroago, maiatzean utziko dio Philip Lane irlandarrak EBZko ekonomista buru izateari eta toki horretan Brunnermeier alemaniarra egoteak goxatu egingo dio Alemaniari EBZn presidente espainiar bat irentsi beharra.
Erakundeko ekonomisten buruzagitzan alemaniar bat egoteak esan nahi du Alemaniak ez duela babestu Klaas Knoot herbeheretarraren hautagaitza EBZko presidentetzarako, nahiz eta Herbehereek ez duten amore eman azken unera arte. Gaur, Europar Kontseiluan Pablo Hernandez de Cos espainiarrari Frankfurteko aulki nagusiranzko bidea libre geratu zaio, Frantziaren babesa izan duelako.
1Zenbat emakume EBZko buruzagitza berrian. Eskasetik eskasagora joan dira EBZren buruzagitzan berdintasun kontuetan. Gaur egun bi bakarrik dira emakumeak sei kideko Batzorde Exekutiboan eta 27 kideko Gobernu Kontseiluan: Christine Lagarde eta Isabel Schnabel. Biek utziko dute kargua datorren urte hasieran, eta, haien tokian izendatutakoen artean bakarra da emakumea, Laurence Boone. Ekonomista frantziarra izango da merkatuen arduraduna EBZn. Euroguneko 21 herrialdeetako banku zentraletako gobernadore guztia gizonezkoak dira.
EBZko presidentetza lortzeko, Hernandez de Cosek euroguneko herrialdeen %72ren oniritzia behar izan du (16 herrialde 21etik) eta horrek biztanleriaren %65etik gora hartzea. Alemania eta Frantzia ados egotea izaten da oinarrizko abiapuntua, eta gero beste herrialdeen artean botere oreka bat iristea, belatzen eta usoen artean, iparrekoen eta hegoaldekoen artean.
Espainiak aurkeztu du Hernandez de Cosen hautagaitza, eta Parisen sostengua izan du, besteak beste, Knoot belatza baino usoago delako, alegia, zor publikoarekin onberagoa izan daitekeelako. Hori berebizikoa da orain Frantziarentzat, bizi duen egoera ekonomiko eta sozialari erreparatuta.
Zentroko soslaia
Hernandez de Cos hasieratik izan da faboritoetako bat Lagarderen ondorengo izateko hautagaien artean. Ekonomista espainiarrak iaz hartu zuen Nazioarteko Ordainketen Bankuko presidentetza, zortzi urtez Espainiako Bankuko gobernadore izan ostean.
Financial Times-ek hogei adituren artean egindako inkesta modukoak ondorioztatu zuen Hernandez de Cosek duela prestakuntza handiena EBZko kargu gorenerako. Zentrokotzat jotzen dute, apur bat malgua (usoa) izateko joerarekin.
Hari buruz, diru politikari buruzko bere trebakuntza, kontsentsuak eraikitzen duen gaitasuna eta beste herrialdeen sostengua lortzeko ahalmena goraipatu dituzte.
Espainiako Bankuko buruzagitzan zegoela Sanchezen gobernuarekin zenbait ika-mika izan zituen, haien artean ezagunena lanbidearteko gutxieneko soldatari buruzkoa. Hernandez de Cosek iragarri zuen SMIa igotzeak produktibitate txikiko enpleguak deuseztea ekar zezakeela. Espainiako Gobernua SMIa handitzen joan zen, eta nahiz eta enplegu zaurgarrienetako batzuk desagertu egin ziren, ekonomiaren bizitasunari esker ez zen enplegu galera garbirik izan.
EBZko Gobernu Kontseiluan Espainiako Bankuko gobernadore gisa egindako urteetan, Hernandez de Cosek Mario Draghirekin bat egin zuen 2019ko irailean, hark interes tasak jaitsi eta bonuak erosteko egindako malgutasunerako apustuan.
Inflazioarekin, berriz, interes tasen igoerekin zuhur jokatu eta jarduera ekonomikoari eustearen aldekoago agertu izan da, tasak goizegi igotzearen arriskua gogoan.Â
Behin Europar Kontseiluan herrialdeen oniritzia lortuta, Hernandez de Cosen hautagaitzari buruz kontsulta egingo zaie Europako Parlamentuari eta EBZren Gobernu Kontseiluari, eta ondoren ofizialki izendatuko dute EBZko presidente, hurrengo zortzi urteetarako.

dena itxita, badaezpada
Christine Lagardek otsailaren 7an utziko du EBZren presidentetza, bere agintaldirako ezarritako epea bukatu aurretik. Frantziarrak argudiatu zuen askatasun gehiago nahi duela hitz egiteko, iradokiz zereginen bat izan dezakeela maiatzeko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan.
Askoren arabera, ordea, Lagardek kargua lehenago uzteko arrazoi nagusia da Alemaniak eta Frantziak hauteskunde horien aurretik itxi nahi zutela EBZko presidentetza, gaia ez uzteko Marine Le Penen mende edo Espainiako, Italiako eta Poloniako hauteskundeetan zer gertatu.