Palestina

PAEk Madrili eskatu dio neurriak hartzeko CAFek ez dezan Israelen tranbia egin

Palestinaren NBEko ordezkari ohiak EITBri azaldu dionez, harremanetan jarri dira Espainiako Gobernuarekin, eta ohartarazi du hurrengo urratsa izango dela beste zenbait herrialde deitzea konpainia horrekin lanik ez egitera.

CAFek Jerusalemerako egin asmo duen tranbiaren irudi bat. CAF
Hodei Iruretagoiena
2019ko abuztuaren 30a
10:07
Entzun

PAE Palestina Askatzeko Erakundea harremanetan jarri da Espainiako Gobernuarekin, CAF enpresari presio egiteko: Beasaingo konpainia Israelek Jerusalemen egitekoa duen tranbiako lanetatik erretiratzea nahi dute. Nasser Qudwa Palestinako Atzerri ministro eta NBEko enbaxadore ohiak EITBri kontatu dio Veolia enpresaren kasua ere gogorarazi dietela: nazioarteko presioaren ondorioz, atzera egin behar izan zuen azkenean Frantziako konpainia horrek, 2015ean. CAFek ez badu hala egiten urrats gehiago ere egin ditzaketela ohartarazi du ordezkari palestinarrak EITBn; horietako bat izan liteke herrialde "lagunei" eskatzea CAFekin harremanak hausteko; besteak beste, herrialde arabiarrei.

Palestinarrei kendutako lurraldean egin nahi du tranbia bat Israelek. NBEren ebazpenek diotenaren aurka, Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia batu behar ditu tranbia horrek, eta, langile batzordea aurka agertu zen arren —PAEk eskerrak eman zizkien langileei—, hura egiteko kontratua sinatu zuen CAFek. Dirutza baten truke: operazioaren guztizko zenbatekoa 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da, eta horietatik 500 milioi inguru Beasaingo tren konpainiari dagozkio zuzenean.

BDZ Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimenduak ere eskatu dio CAFi ez dezala parte har tranbia hori egiteko lanetan. Sinadura bilketa bat ere hasi zuten, besteak beste, mezu honekin: "Enpresaren irudiari kalte egitea ez ezik, beste hau ere ekar dezake berekin proiektu horretan parte hartzeak: CAF gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egiteko laguntzaile material bihurtzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.