Papresako langileek lanuzteak egingo dituzte, enpleguei eustea exijitzeko

Asteartean izango da lehenengoa, lau ordukoa. Papresako zuzendaritza enpresa saltzea aztertzen ari da, baina erosleak enpresaren erdia nahi du bakarrik. 110 langile kaleratzea eragingo luke horrek.

Papresa lantegia, Errenterian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Papresa lantegia, Errenterian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 13a
16:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kezka sakona» dute Papresako langileek. Errenteriako (Gipuzkoa) paper fabrikako zuzendaritza enpresa saltzea aztertzen ari da, eta lantaldearen erdia kalera joango den beldur da. Horri aurre egiteko, lau orduko lanuzteak egingo dituzte datozen egunetan. Asteartean izango da lehenengoa, eta hilaren 20an, 24an eta 27an hurrengoak.

Ohar baten bidez, Papresako langile batzordeak azaldu du urtarrilaren erdialdean jakin zutela zuzendaritzak planta saltzeko intentzioa zuela, prentsa bidez.  «Onartezina iruditzen zaigu Papresaren enpleguari eta etorkizun industrialari zuzenean eragiten dioten erabaki garrantzitsuak prentsari jakinaraztea langileen legezko ordezkariekin hitz egiten hasi aurretik», salatu dute. LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute langile batzordea.

Erosleak ez du Papresa lantegia osorik erosi nahi, erdia baizik. Hor dago arazorik handiena. 220 langile ditu guztira Papresak, eta bi ekoizpen lerro: prentsako papera ekoiztekoa eta kartoia ekoiztekoa. CL Group enpresak kartoia ekoizten duen lerroa soilik erosi nahi du. Hortaz, operazioarekin aurrera egiteko, papera ekoizten duen lerroko langileak kaleratzeko asmoa erakutsi du Papresak: 110 langile.

Papera ere, errentagarri

Hori jakitean «harridura» erakutsi zuten langileek, pentsatzen baitute papera ekoizten duen lerroa ere errentagarria dela. Langileen arabera, erregulazioaren aurretik beste irtenbide batzuk badaude, eta, hortaz, ez dituzte kaleratzeak onartuko. «Egoeraren larritasuna ikusita, enpresa batzordeak uste du ezinbestekoa dela mobilizazio dinamika bati ekitea, lanpostuen defentsan, lantegiaren etorkizunaren defentsan eta langileriarentzako edozein neurri traumatiko kentzea exijitzeko», esan du enpresa batzordeak oharrean.

Era berean, sindikatuek dei egin diete zuzendaritzari eta CL Groupi. Eskatu diete «erantzukizunez» joka dezatela, langileei «egiazko informazioa» eman diezaieten eta «elkarrizketa prozesu erreal bat» abiatu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.