Lehenengo lanuzte eguna dute gaur Papresa papergintza enpresako langileek (Errenteria, Gipuzkoa). Enpresa batzordeak proposatuta, otsailaren 11n egindako batzarrean aho batez erabaki zuten langileek mobilizazio sorta bati ekitea: 12:00etatik 16:00etara, lanuztea egingo dute, eta, egoera konpondu ezean, berdin egingo dute otsailaren 20an, 24an eta 27an.
Urtarrilaren 17an prentsan argitaratutako informazioek eragin dute gatazka. Informazio horien arabera, Papresako zuzendaritza aztertzen ari da enpresa saltzea, makina produktibo bat gelditzea eta enplegua erregulatzeko espediente bat ezartzea. Horrek 110 langileri eragingo lieke.
Enpresa batzordeak onartezintzat jo du zuzendaritzak langileen legezko ordezkariekin hitz egiten hasi aurretik prentsari jakinarazi izana «Papresaren enpleguari eta etorkizun industrialari zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak». Haren iritziz, ezinbestekoa da mobilizazio dinamika bati ekitea lanpostuen eta lantegiaren etorkizuna defendatzeko. LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea.
Enpresa batzordeak eskatu die zuzendaritzari eta CL Grupori «erantzukizunez» jokatzeko, egiazko informazioa emanda eta elkarrizketa prozesu bati ekinez. Zenbait informazioren arabera, CL Grupo Espainiako industria taldeak egin du Papresa erosteko eskaintza, baina haren asmoa da papergintza jarduera bertan behera utzi eta enpresa kartoizko paketeak egiten hastea, langile kopurua asko murriztuta.