Parke teknologikoetako buru ohia epaitu egingo dute

Diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diote, Epsiloni «ezkutuko» berme bat eman ziolako

2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
GASTEIZ.Julian Sanchez Alegria Parke Teknologikoen Sareko presidente izandakoa epaitu egingo dute, Epsilonekin lotutako kasu batengatik. 2008. urtearen amaieran, Espainiako Gobernuak Joan Villadelprat Epsiloneko buruari esan zion ez ziola diru gehiago emango, ordurako larri baitzegoen. Lasterketako autoak egin nahi zituen Epsilonek, eta 1 Formulan ere parte hartu nahi zuen. Estatuaren ukoa ikusita, Villadelpratek Miñaoko parke teknologikoaren laguntza eskatu zuen, eta, Sanchez Alegriaren bitartez, haren «ezkutuko» bermea lortu zuen Kutxaren eta Vital Kutxaren mailegu baterako.

48 milioi euroren laguntza publikoak lortu arren, Epsilonek porrot egin zuen. Maileguaren dirua bueltan jaso ez, eta bermeak indarrean jartzea erabaki zuen orduan Kutxabankek, Kutxaren eta Vitalen ondorengoak. Horien ondorioz, Eusko Jaurlaritza, parkeen arduradun nagusi gisa, behartuta egon zen Epsilonen eraikina erostera, 16,4 milioi euroren truke.

El Diario Norte-k atzo kaleratu zuenez, Gasteizko epaitegi batek uste du hiru delituren zantzuak daudela Sanchez Alegria epaitzeko: diru publikoaren bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta administrazio desleiala. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du.

De Miguel auzian ere akusatuta dago Sanchez Alegria, Arabako EAJko beste buru ohi batzuekin legez kanpoko komisioak jaso zituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.