Pasaiako Portuak bere plana garatu nahi du, «eztabaida politikoak gorabehera»

Portuko trafikoa %25 handitu nahi dute 2030erako. Plan estrategikoaren barruan Lezoko intermodala dago, baina ez dute ez eperik ez aurrekonturik zehaztu.

Izaskun Goñi Pasaiako Portuko presidentea eta David Candelario zuzendaria, gaur egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Izaskun Goñi Pasaiako Portuko presidentea eta David Candelario zuzendaria, gaur egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 7a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaitzaren erdian, kieto. Modu horretan erantzun dio Pasaiako Portu Agintaritzak azpiegitura horri buruz bolo-bolo dabilen eztabaida politikoari. Ez da berria Eusko Jaurlaritzak eta zehazki EAJk Espainiako Gobernuari merkataritza portuen eskuduntza eskatzea. Bilboko portuaren aldarrikapenak indarra galdu zuen aspaldi, Madrilentzat azpiegitura hori estrategikoa baita. Hori ezean, Pasaiakoaren titulartasuna lortzeko aukerak hartu du lehentasuna orain, baina EAJren eta PSE-EEren artean ez dago adostasunik Eusko Jaurlaritzan, eta are gutxiago Madrilen.

«Guri ez dagokigu ezer esatea horri buruz». Agerraldi batean, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteari bi alditan, hirutan, lautan galdetu diote gaiari buruz, modu batera zein bestera, eta kazetariek egindako saiakera guztiei antzera erantzun die. «Badakigu zer-nolakoa den inpaktu mediatikoa, baina guri ez dagokigu horri buruz ezer erantzutea. Gure ardura portua kudeatzea da, eta horretan zentratu behar dugu».

Pasaiako portuaren 2025-2030 urteetarako plan estrategikoaren aurkezpenean esan ditu hitzok Goñik. Alboan, David Candelario zuzendaria izan du, baina hark ez du adierazpenik egin. Eusko Jaurlaritzak iaz izendatu zuen Goñi portuko presidente, eta ordutik aritu da plan estrategikoa lantzen, azpiegiturako gainerako eragileekin batera. Azpimarratu du haiek egindako «ekarpen guztiak» jaso dituztela, «modu koherente batean».

Portuko administrazio kontseiluak asteartean bozkatu zuen plana, eta aurrera egin zuen, baina ez aho batez. Horko kide diren Pasaiako eta Errenteriako udaletako alkateek aurka bozkatu zuten. Salatu zuten transferentziaren gaiak ez duela lerro bakar bat ere hartzen azpiegituraren bide orria izan behar duen txosten horretan. Goñik ez die kritika horiei erantzun nahi izan. «Alkateek esandakoaren inguruan ez dagokit niri ezer esatea». Alkateen iritzian, baina, funtsezkoa da hori argitzea plana aurrera eramateko.

Portu lehorra

Plan estrategikoan azaltzen diren egitasmoen artean bat nabarmentzen da beste guztien gainean: Lezo-Gaintxurizketako portu lehorra edo plataforma intermodala. Proiektu garrantzitsua da, eta hala azpimarratu du Goñik ere: «Gure lehentasuna da itsaso eta tren bidezko garraioa lotzea eta indartzea». Gaur egun portuko merkantzia guztien %5 tren bidez iristen da, eta kopuru hori %10ekoa izatea nahi dute 2030erako. Horretarako funtsezkoa litzateke portu lehorra.

«Guk plan tekniko bat egin dugu, eta beste auzi batzuk alde batera utzita ere landu daiteke»

IZASKUN GOÑIPasaiako Portuko presidentea

Baina plan estrategikoan ez da aurrekonturik jasotzen azpiegitura horretarako, ezta hura egiten hasteko eta amaitzeko eperik ere. Astearteko bozketaren ondoren, Lezoko alkateak «etxea teilatutik hastea» leporatu zion portuko agintaritzari.

Horri buruz galdetuta, Goñik erantzun du hori hala dela egitasmoa oraindik lehen fasean dagoelako. Azaldu duenez, 2020. urtean Espainiako Garraio Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak protokolo bat sinatu zuten, eta, horren arabera, Jaurlaritzak «azterketa informatibo» bat egin behar du egitasmoari buruz, eta horretan ari da gaur egun.

«Guk ez dugu dakigu zenbatekoa izango litzatekeen inbertsioa, ezta azterketa horretan halakorik planteatuko ote den ere», esan du Goñik. Eta epeei buruz, honako hau: «Garraio Sailari galdetu beharko litzaioke». Galdetu diote, halaber, halako egitasmo bat aurrera ateratzeko zer den hobe: portuaren eskumena Madrilen egotea hala Eusko Jaurlaritzaren esku. Eta hala erantzun du: «Guk plan tekniko bat egin dugu, eta beste auzi batzuk alde batera utzita ere landu daiteke».

Sendotu eta hazi

Komunikabideen arreta erakarri duten gaiez harago, Goñik planean jasotzen diren beste egitasmo eta helburu batzuk nabarmendu ditu. Horietako batzuk oso anbiziotsuak dira. Hala, portuko agintariek 2030erako %25 handitu nahi dute azpiegiturak mugitzen duen merkantzien bolumena, 4,2 milioi tonara iristeko. 2006tik nabarmen apaldu da garraio kopurua. Orduan sei milioi tona izan ziren, eta 2018tik hiru milioi tonaren bueltan egonkortu da.

10

Zenbat inbertituko duen agintaritzak urtero, milioi eurotan Pasaiako Portu Agintzaritzak gaur egun inbertitzen duena halako bi inbertitu nahi du urtero, 10 milioi euro. Zehaztutako egitasmoak baliabide propioekin eta, bereziki, administrazioen laguntzarekin gauzatu nahi ditu. Hiru dira proiektu nagusiak: Lezoko ubidearen nabigagarritasuna hobetzea (16 milioi), egungo eremuaren berrantolaketa (15 milioi) eta kaiak birgaitzea (12,5 milioi).

Hala ere, Goñiren ustez, portuak hazteko tartea dauka, eta horretarako «espezializazioa» izango da gakoa. Azaldu duenez, gaur egun siderurgia produktuak mugitzen ditu nagusiki, bolumen osoaren %60 inguru; jarraian datoz autoak (%11), lehen sektoreko produktuak —animalientzako elikagaiak, elikagaien industriarako lehengaiak, arrantza...— (%9), eta papera ekoizteko pasta (%8). «Europako erreferentziazko industria portu gisa ikusten dugu geure burua, lehiakortasunagatik, izaera berritzaileagatik eta ingurunearekiko konpromisoagatik», esan du Goñik.

Aitortu du, baina, gaur egungo portuak «muga» fisiko eta urbanistiko batzuk dituela baina, aldi berean, alde dituela bere «kokapena eta konektibitatea». «Arku atlantikoa indartuko duen lotune logistiko bat izan nahi dugu», azpimarratu du. Gaur egun 36 herrialderekin ditu harreman komertzialak, eta 45era iritsi nahi du 2030erako.

Beste datu batzuk ere eman ditu: portuak sortutako karbono isuriak %40 murriztu nahi dituzte; kai elektrifikatuak %67tik %80ra handitzeko asmoa dute, eta portuarentzat zuzenean lan egiten dutenen kopurua %20 igotzekoa, 1.600 langileko lantaldea osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA