Pentsio gehienak bere hartan geratuko dira 2011n, baina txikienak %1 igoko ditu Madrilek

Langabezia espero baino gutxiago jaitsiko dela kalkulatu du Espainiako Gobernuak aurrekontuetan

Erredakzioa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Pentsio guztiak bere hartan utziko ditu Espainiako Gobernuak datorren urtean, txikienak izan ezik. Horietan -kotizaziopekoak diren edo ez axola gabe- %1eko igoera proposatu du aurrekontu proiektu orokorrean. Espainiako eta Hego Euskal Herriko 3,2 milioi lagun bizi dira pentsio horiekin.

Datorren urterako, gainera, KPIa orekatzeko ematen den ordaina mugatu nahi du gobernuak. Azaroko inflazioa gobernuaren aurreikuspenaren gainetik badago, urtarrilean ordain bat jasotzen dute pentsiodunek, kalte-ordain gisa. Bada, 2011ko urtarrilean denek jasoko dute, baina ez 2012ko urtarrilean. Soilik gutxieneko pentsioek eta kotizaziopekoak ez direnek eskuratuko dute ordain hori inflazioak espero dena gainditzen badu.

Datorren urterako aurrekontu proiektua onartu zuen atzo Ministro Kontseiluak. Guztira, 122.000 milioi euro gastatzea espero du Zapateroren gobernuak, aurten baino %7,9 gutxiago. 2006. urteko mailan dagoen gastua da, hain zuzen ere. Batez beste, ministerio guztien aurrekontuak %16 jaitsiko dira. Salbuespena Hezkuntza eta I+G dira; horietan jaitsiera txikiagoa izango da.

Funtzionarioen soldatak bere hartan utzita, lan eskaintza publikoa gutxituta eta ordezkapenak %10era mugatuta, Administrazioaren funtzionamendu gastuak %6,6 arintzeko asmoa du gobernuak.

Hartutako neurri fiskalei esker -400 euroen desagerpena edo BEZaren igoera- zerga bidez bildutako dirua handituko dela kalkulatu du Ekonomia Ministerioak. Haatik, ez da gastuak estaltzeko adina izango. Hori dela eta, urte amaieran kontu publikoen defizita %6 izatea espero du. Halaber, zor publikoaren pisua bost puntu handituko da: BPGaren %62,8tik %68,7ra.

Langabezia ez da orain arte aurreikusten zen bezainbeste jaitsiko, gainera. Batez beste, populazio aktiboaren %19,3 lanik gabe egongo dela uste du gobernuak, orain arteko koadro makroekonomikoan baino lau hamarren gehiago. Lanpostuak ere espero baino «motelago» sortuko direla onartu zuen Elena Salgado Ekonomia ministroak. Urte osorako %0,3 gehitzea aurreikusi dute.

Murrizketa gehiagorik ez

Gastu publikoa ez dela gehiago murriztuko agindu zuen Salgadok kontuen aurkezpenean. Onartuta zeuden laguntzetatik, aurrekontuetatik bakarra erori da: aitatasun baimena bi astetik hilabete batera luzatzea. Hori indarrean jarriko ez denez, 200 milioi aurreztuko ditu gobernuak.

Bestalde, aldaketa fiskalak onartuko ditu Zapateroren gobernuak, errenta handienak dituztenei zuzenduta. Moldaketa horiek, hasiera batean, ez dute eraginik Hego Euskal Herrian, hiru foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak eskumena dutelako PFEZaren tasak ezartzeko.

Espainian, datorren urtetik aurrera 120.000 eta 175.000 euro bitarteko errentak aitortzen dituztenei puntu bat igoko zaie tasa, %44 izateko. 175.000 euro kobratzen dituztenei, berriz, bi puntu gehiago ezarriko zaizkie: %45.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gehienezko tasa horren gainetik zegoen zerga dagoeneko. Hala, 62.400 eurotik gorako diru sarrerak dituzten zergapekoek %45eko tasa ordaindu behar dute. Nafarroan, berriz, %42 da tasarik handiena, eta 45.000 euro baino gehiago kobratzen dutenek ordaindu behar dute.

Horren haritik, errenta handiei zerga gehiago ordainarazteko borondaterik ez duela aurreratu du Miguel Sanz Nafarroako presidenteak. Haren arabera, Espainiaren antzeko igoera egiteak «efektu eskasak» izango lituzke: 2,5 milioi euro bilduko lirateke, 4.500 milioi euroko aurrekontu batean. «Oso demagogikoa da aberatsek gehiago ordaindu behar dutela eskatzea, dagoeneko gehiago ordaintzen ari direlako», Sanzen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.