Pentsio plan osagarriek 2022an galdutakoa berreskuratu zuten iaz

Euskadiko BGAE Federazioan daudenen inbertsioek %7,5eko errentagarritasuna izan zuten. Ez zuten, ordea, bazkide berri askorik irabazi.

Euskadiko BGAE Federazioko arduradunak: Ansola, Etxebarria eta Rementeria. BGAE
Euskadiko BGAE Federazioko arduradunak: Ansola, Etxebarria eta Rementeria. BGAE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 14a
16:00
Entzun

Interes tasa handiek eta burtsaren gorakadak urte ona ekarri zieten iaz pentsio osagarrien planei. BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeen federazioan bildutakoek 1.952 milioi euro handitu izan zuten iaz beren ondarea, eta, horrela, 2022an galdutako 2.000 milioi euroak konpentsatu ahal izan zituzten. BGAEek egindako inbertsioek %7,49ko errentagarritasuna izan zuten, inflazioaren gainekoa.

Ignacio Etxebarria Euskadiko BGAE Federazioko presidenteak eman ditu datuak, Bilbon egindako agerraldian. Haren albo batean izan da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoa, orain federazioko diruzaina eta Elkarkidetza BGAEko burua baita —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako eta udaletako langileak biltzen ditu—.

1983an sortu ziren BGAEak, eta pentsio osagarriak ematen dizkiete 1.156.394 laguni (+4.223). Mende hasiera arte hedatu egin ziren, bai indibidualki bankuen bitartez osatutakoak, baita enpleguarekin lotutako BGAE kolektiboak ere. Baina 2007az geroztik nahiko egonkor dago jasotzaileen kopurua, sektore gutxi batu baitira sistema horretara. Gipuzkoan nahiko hedatuta dago, metalgintzak sortutako Geroa BGAEra gehitu zirelako beste hainbat sektore negoziazio kolektiboaren bitartez, eta oraingo erronka Bizkaian eta Araban ere zabaltzea dela dio Jaurlaritzak.

Etxebarriaren eskaerak

Etxebarriak aitortu du «ez aurrera ez atzera» daudela, eta ziurtatu du negoziazio kolektiboaren esku dagoela zabaltzea: «Sindikatuek planteatzea, horixe falta da». Sindikatu nagusiek eta patronalek parte hartzen dute haien kudeaketa organoetan. Geroan, esaterako, aurten Adegiko Nerea Zamakola da lehendakaria, eta ELAko Joseba Villarreal lehendakariordea. 

Zabaltzeko beste modu bat zerga hobariak dira. Beste behin, Etxebarriak eskatu du hurrengo zerga erreforman «tratu atsegina» ematea pentsio osagarritik jasotako diruari, eta hobariak jasotzea pentsio osagarrian ekarpenak egiten dituzten langileek. Halaber nahi du enpresek bere langileen izenean egiten dituzten ekarpenek zerga gutxiago ordaintzea. 

Iaz 815 milioi euroren ekarpenak egin zituzten BGAEen bazkideek (+12 milioi), eta 824 milioi banatu ziren prestazioetan (+37 milioi).  28.019 milioi euroren ondarea daukate, EAEko BPGaren %30,7. Horretatik 1.700 daude hiru lurraldeetan inbertituta, 2022 amaieran baino ehun milioi gehiago.

bgae-ak

Zer dira BGAEak?

Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak dira, gaztelerazko EPSV laburduraz ere ezagunak. Edo, beste modu batera esanda, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pentsio osagarriak kudeatzen dituzten erakundeak dira.

Zer egiten dute?

Langilearen errentaren zati bat gordetzen dute, erretiroa hartzean diru sarrera gehigarri bat izan dezaten.
Zenbat motatakoak daude?
Bi dira nagusiak: indibidualak eta enplegukoak. Lehenengoak langileak berak kontratatzen ditu bere finantza erakundearekin, eta egiten dituen ekarpenek hornitzen dituzte. Bigarrenak, berriz, enpresa edo sektore batean sortutakoak dira, eta enpresaren eta —batzuetan— langilearen ekarpenarekin hornitzen dira.
Zenbat BGAE daude?
Euskadiko BGAE Federazioan enpleguko 29 BGAE, 25 BGAE indibidual eta bi asoziatu daude.

Zenbat kide dituzte?
2023ko laugarren hiruhilekoaren amaieran, 1.156.394 kide zituzten, eta 28.019 milioi euroren kapitala zuten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %30,7.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.