Iragarritako bete da. Hego Euskal Herrian %2,7 handituko dira pentsioak datorren urtean: 43 euro batez beste. Espainiako Gobernuak pentsioak kalkulatzeko sistema berria ezarri zuen 2022an. Horren arabera, aurreko urteko abendutik hurrengo urteko azarora arteko inflazioen batezbestekoa kontuan hartuz kalkulatzen da urtez urteko igoera. Aurtengo azaroko datua aurreratu du gaur INEk (%3), eta horrekin jada garbi dago batez besteko inflazioa %2,66 izango dela —pentsioak eguneratzeko araudian dezimal bakarra erabili behar dela zehazten da; kasu honetan %2,7, beraz—.
Horrek esan nahi du pentsioak batez beste 43 euro handituko direla. Hori horrela, batez besteko pentsioak 1.600 euroren maila gaindituko du lehen aldiz Hego Euskal Herrian, 1.641 euroraino.
Hortik gora handituko dira erretiratuen pentsioak. Mota horretakoak dira pentsio gehienak. Zehazki, Hego Euskal Herrian 495.452 erretiro pentsio ordaintzen ditu Gizarte Segurantzak. Horien batez besteko kopurua 1.809 euro da. 49Â euro handituko dira urte hasieran, 1.858Â euroraino.
Gehienezko pentsioak koska bat gehiago egingo du gora, beste 88Â euro gehiago, eta 3.355Â eurora iritsiko da.
Horiek milaka batzuk dira, baina askoz ere gehiago dira mila euro inguruko pentsioa duten erretiratuen kopurua. Autonomoen artean, esaterako, 1.190 eurokoa da gaur egun batez beste. Datorren urtean, 32 euro gehiago jasoko dituzte. Guztira Hego Euskal Herrian 95.130 autonomok jasotzen dute erretiro pentsioa.
Kopuru apalak jasotzen dituzte alargunek ere. Urrian, batez beste 1.128 euro jaso dituzte, eta urtarriletik aurrera 30 euro gehiago patrikaratuko dituzte hilean, 1.158 euroraino. Alargunen pentsioen kopurua emeki-emeki txikitzen ari da, batez ere gero eta emakume gehiagok dutelako beren pentsio propioa jasotzeko eskubidea. Gaur egun 162.893 dira, duela urtebete baino mila gutxiago.
Galera txiki bat
Pentsioak eguneratzeko sistema ez da pentsio guztietan ezartzen. Gizarte Segurantzan hamabost urte baino gutxiago kotizatu dutenek, adibidez, kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzte, eta horien igoera Espainiako Gobernuak aurrekontuekin batera zehaztu ohi du.
Aurrekontu horiekin batera joan beharko luke kotizazioen menpeko pentsioen eguneratzea, baina ikusita gaur egun kontu horiek onartzeko gehiengorik ez duela, Pedro Sanchezen gobernuak otsailera arte atzeratu du 2026rako aurrekontu proiektuaren aurkezpena. Gauzak horrela, dekretu bidez handitu beharko ditu orain pentsioak, eta hilabeteko epean dekretu hori berrestea edo atzera botatzea egokituko zaio Espainiako Kongresuari.Â
Â