Beste kolektibo bat atera da kalera gaur: Hego Euskal Herriko pentsiodunak. Lau hiriburuetan mobilizatu dira, PPk eta UPNk dituzten egoitzen aurrean, Vox eta Junts per Catalunyarekin batera pentsioen igoera jasotzen zuen dekretuaren aurka bozkatu zutelako asteartean Espainiako Kongresuan. Horrekin batera, Espainiako Gobernuaren erantzukizuna ere agerian utzi nahi izan dute. «Haserre eta kezkatuta» daudela adierazi dute, eta ohartarazi mobilizatzen jarraituko dutela alderdiek arazo hori desblokeatu ezean.
Bilboko mobilizazioan, pentsiodunen mugimenduko bozeramaile batek nabarmendu du aurka bozkatu duten alderdiek erabilitako argudioak «aitzakiak» baino ez direla. «Frogatuta geratu da nork bere interesak lehenesten dituela, eta ez herritarren bizi baldintzak hobetzea».
Mobilizazio guztietan irakurritako agirian, pentsiodunen mugimenduak gogorarazi du pentsioen igoera jasotzen zuen dekretuak «izaera sozialeko beste hainbat neurri» ere bazituela, eta atzera bota izanak «ondorio larriak» izango dituela kolektibo zaurgarrienetan. «Ezin da onartu neurri sozialak blokeatzea kalkulu politikoengatik». Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, ez baitu «nahikoa bermerik» eskaini neurri horiek eta pentsioen igoera ziurtatzeko.

Kolektiboaren ustez, «lotsagarria» da pentsioak «trukerako txanpona» izatea alderdien arteko lehian. «Pentsioak oinarrizko eskubide bat dira, eta ezin dira urtez urte Kongresuko bozketa baten menpe egon». Uste dute pentsioak igotzeak «automatikoa» izan beharko lukeela.
Igoera «miserableak»
Horrekin batera, eskatu dute berriz ezartzeko urte amaierako ordainsari osagarria, «inflazioak eragindako galerak konpentsatzeko», eta gutxieneko pentsioak nabarmen hobetzeko, haien iritzian orain arteko igoerak «miserableak» izan baitira; izan ere, gaur egun pentsio minimoa 936 eurokoa da, hamalau ordainsaritan ordaindua, eta, mugimenduaren ustez, kopuru hori «ez da nahikoa bizi duin baterako».
Horren harira, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatu dute —gaur egun 1.184 eurokoa—. Mugimenduaren arabera, Hego Euskal Herrian 220.096 pentsiodunek dituzte hortik beherako diru sarrerak, bereziki emakumeek. Hala, nabarmendu dute adinekoen artean arazo ekonomikoak dituztenak gero eta gehiago direla eta genero arrakala «kronifikatzen» ari dela.
Ohartarazi dute gaurko mobilizazioak «lehen abisua» baino ez direla, eta iragarri dute otsailaren 20rako 2026ko pentsioen igoera bermatuta ez badago mobilizatzen jarraituko dutela Espainiako plataforma batzuekin koordinatuta.