Oporrak igarota lanera itzuli da gaur Frantziako Gobernua, eta lehentasun bat du: 2027ko aurrekontua prestatzea. Gobernuentzat ohiko lana da hori, baina Sebastien Lecornuren gobernuarentzat badu bestelako garrantzi bat, kontuak onartzeko gai ez izateak ekarri baitzuen Michel Barnierren eta François Bayrouren gobernuen erorketa. Zerrenda horretako hirugarrena Lecornu izatea aukera bat da, oposizioko alderdien aldetik hasi baitira jada entzuten zentsura mozioaren hotsak.
Barnier eta Bayrou saiatu ziren defizit publikoa murrizten, eta ez zuten babesik jaso indarrean jarri nahi zituzten neurri gogorrak onartzeko. Lecornuk ere arrisku bera du, batez ere kontuan hartuta 2027an Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo direla eta, hortaz, inork ez duela ziklo baten amaieran dagoen gobernu baten —eta Emmanuel Macron presidente ez oso maitatuaren— makulu gisa agertu nahiko. Iaz PS Alderdi Sozialistarekin egindako paktu batek salbatu zituen 2026ko aurrekontuak eta Lecornu bera, baina orain jarrera gogorragoa dute sozialistek.
Baina joko politikoa gauza bat da, eta estatuaren finantzak beste bat, eta zaila da argudiatzea Frantziaren kontuek ez dutela astintze bat behar. Defizita zor publikora gehitzen ari da etengabe —3,53 bilioi euro, BPGaren %117,5—, eta, hortaz, gero eta zati handiagoa hartzen du aurrekontuan, gastu sozialen eta inbertsio publikoen kaltetan. Gobernuak ohartarazi du errenta zergan biltzen den diru guztia zorraren interesak ordaintzeko erabili behar duela.
Eta horretan ari da Parisko gobernua. Roland Lescure Ekonomia eta Finantza ministroak ohartarazi du defizit publikoa %6ra edo %7ra iritsiko dela 2030ean neurriak hartu ezean. Hala balitz, Frantziak ez luke beteko Europako Batzordeari agindutakoa, hots, defizita %3ra murriztuko dutela 2029rako, ehuneko hori baita gehienezko muga Europako Batasunaren Egonkortasun Itunean.
Helburu apalen zailtasunaÂ
Iaz %5,1eko defizita izan zuen Frantziak, eta aurtengorako oso helburu apalak jarri zituen: %5era jaistea. Xede horrek eskura zirudien murrizketa handirik egin gabe, baina bidean sartu zen Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako gerra, eta horrek energiaren prezioan eta ekoizpen kateetan eragindako arazoak. Udaberriko eta udako muturreko beroak ere ez du lagundu, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ekoizpenari kalte egiten ari direlako, eta sute handiak itzaltzeko baliabide asko behar izan direlako.
%0Zenbat hazi den Frantziaren BPGa. Defizita murrizten laguntzeko BPGa %0,7 haziko zela kalkulatu zuen gobernuak, baina zaila dirudi kopuru horretara heltzea: joan den astean eguneratutako datuen arabera, lehen hiruhilekoan %0,2 uzkurtu zen BPGa, eta ez du aldaketarik izan bigarrenean. Hortaz, urteko azken bi hiruhilekoetako bakoitzean %0,5eko hazkundea beharko luke, eta halakorik ez da espero.
Horiek horrela, 2026an defizita ez handitzearekin konformatuko litzateke Lecornu, eta neurri gogorrak hurrengo presidentearen eta gobernuaren esku uzten. Baina helburu are apalago hori lortu ahal izateko, guraizeak atera beharko ditu. Orain arte hartutako neurriekin —gastu batzuk geratzea eta enpresen aldeko neurriak atzeratzea— posible izango ez denez, neurri eztabaidatu bat dauka mahai gainean: pentsioak inflazioa baino gutxiago emendatzea, pentsio apalak alde batera utzita. Pentsio «txikiak» inflazioa adina handituko dituela esan du Lecornuk, baina ez du argitu muga hori non jarriko duen.
Beste neurri batzuk ere aipatu dira, besteak beste gaixo baimenak murriztea eta Gizarte Segurantzak zenbait «botika zaharkitu» finantzatzeari uztea.Â
'Europako gaixoa'
Merkatuak ere ohartu dira Frantziaren kontu publikoen egoera kezkagarriaz, eta inbertitzaileak gero eta interes handiagoa eskatzen ari dira Frantziari dirua mailegatzearen truke. Gaur, Frantziaren hamar urteko zor bonuak %4,13ko interesa zuen bigarren merkatuan; inbertitzaileen arteko salerosketetako erreferentzia da hori, baina balio izaten du kalkulatzeko zer interes ordaindu beharko duen Frantziako Estatuak bere zorra jaulkitzen duenean.
AEBen bonuak are interes gehiago ordaintzen du (%4,70) —AEBetan ere defizita kontroletik kanpo dago, batez ere Trumpek aberatsenei barkatutako zorra dela eta—, baina Frantziaren auzo guztiak kopuru horietatik behera daude.
Aspaldiko partez, bere burua merkeago finantzatu ahal du Espainiak (%3,71), kostata bada ere bere defizita murrizten ari delako. Gutxiago ordaindu behar dute euroaren krisian erreskatatu behar izan zituzten herrialdeek —Grezia (%3,94), Portugal (%3,64), Irlanda (%3,44)—, eta, ezohikoa bada ere, gutxiago ordaindu behar du orain arteko Europako gaixoak ere, Italiak (%4,12).
Italia izan da hainbat urtez inbertitzaileek uzkur begiratzen zioten herrialdea, «Europako gaixoa», zor publiko masibo bat duelako —3,1 bilioi euro, BPGaren %137—, eta desegonkortasun politikoak zaila egiten zuelako hura murrizteko neurri esanguratsuak hartu ahal izatea. Orain, ezustean bada ere, gobernu egonkorra sortu ahal izan du Giorgia Meloni ultraeskuindarrak —lau urte egin ditu agintean—, eta, aurrekontu politika zuhur baten eskutik, defizita txikitzea eta zorra kontrolatzea lortu du.
Kontu publikoen desorekari desegonkortasun politikoa batu dionez, Frantzia da, inbertitzaileen begietara, «Italia berria», eta, ondorioz, merkatuek arreta handiagoa jartzen diote han gertatzen denari. Ez da berri ona; izan ere, urduritasuna zabalduz gero baliteke inbertitzaile batzuek erabakitzea arrisku handiegia dela Frantziari dirua mailegatzea, eta interes are handiagoa eskatuko dutela bonuen truke.