Pentsiodunen protestak

Pentsiodunek beren eskariak legez babesteko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari

Milaka pentsiodunek Gasteizko parlamentura eraman dute protesta, politikariei konpromiso zehatzak har ditzatela eskatzeko. “Ezin dugu minutu bat gehiago itxaron”. Babesa adierazi diete Ipar Euskal Herriko grebalariei.

aitor biain
2019ko abenduaren 12a
17:15
Entzun

Pentsiodunek Eusko Legebiltzarrera eraman dute protesta oraingoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako milaka lagun elkartu dira Gasteizen, politikariei eskatzeko legez babestu ditzatela beren eskariak. Talde parlamentarioei zuzendutako idatzi bat aurkeztu dute legebiltzarreko erregistroan, pentsio publikoen sistema defendatzeko lege proposamen bat onartu dezatela eskatzeko, eta hura ondoren Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko. Urte berriarekin batera, alderdi politikoekin biltzen hasiko dira proposamena lantzeko.

«Ez dugu hitz onik nahi, ez aitzakiarik, ez eta atzerapenik ere. Pentsiodun gisa eragiten diguten arazoei amaiera ematea nahi dugu», adierazi du Jesus Maria Soubiesek, Arabako Pentsiodunen Elkarteko kideak, milaka manifestariren aurrean, Gasteizko Katedral berriaren inguruetan. Hilabete barru beteko dira bi urte pentsiodunek asteleheneroko protestak hasi zituztenetik, eta atzo beste ekintza handi bat egin zuten urtarrilaren 30eko greba orokorraren atarian. Bi zutabetan banatuta, katedral berriaren parean bildu dira guztiak legebiltzarreraino joan eta hura inguratzeko.

«Lege proiektu bat egiteko eta hura tramiterako onartzeko eskatzen dugu, Espainiako diputatuen kongresuan defenda dezan», adierazi du Marian Esnaola Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kideak, idatzia legebiltzarrean erregistratu eta berehala egindako agerraldian. Pentsio sistema publikoa eta haren finantzaketa bermatzea da eskatzen dutena, eta hala jaso beharko luke lege proposamenak ere, Esnaolaren hitzetan.

Zehazki, pentsioak 1.080 eurokoa izan beharko luke gutxienez, eta horiek finantzatu ahal izateko kotizazioak nahikoa ez direnean aurrekontuekin osatu beharko litzateke. Horrez gain, banaketa solidarioan oinarritzen den pentsio sistema ezartzea eskatzen dute, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, eta emakumeen eta gizonen arteko pentsio eta soldatetan dagoen arrakala desagerraraztea.  

Bermerik ez

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekinaldirik eza salatu zuten pentsiodunek atzoko protestan. «Gaur, abenduaren 12an, oraindik ez dakigu urtarrilean zein izango den gure pentsioa». Izan ere, pentsiodunen arabera, beren eskariak berehala onar daitezke, «baita jarduneko gobernu batekin ere». Eta, hain justu, Pedro Sanchezen gobernuak izan du horretarako tarterik 2018ko maiatzaz geroztik, baina alferrik. «2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetu ahal izan ditu; gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igo; gutxieneko soldata 1.200 eurokoa ezarri, Europako Gutun Sozialaren eskakizunetara hurbilduz; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerrarazi; edota 40 urterekin erretiro aurreratuaren zigorra ezabatu. Baina ez du halakorik egin».

Beren aldarrikapenak onartuko dituztelako «berme nahikorik» ez dute ikusten ez Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta ez PSOE eta Unidas Podemosen Espainiako gobernua osatzeko aurreakordioan. Hori horrela, konpromiso zehatzak galdegin dizkiete politikariei. «Ezin dugu minutu bat gehiago itxaron».

Onartu ezean protestan jarraitzeko prest daudela adierazi dute, eta behar diren astelehen guztietan mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute. Horrez gain, elkartasuna adierazi diote Ipar Euskal Herrian Macronen pentsioen erreformaren aurka greban ari direnei. «Ozen eta garbi esan nahi dugu hemen eta han gure helburuak lortzeko gure bermerik onena mobilizazioa dela". Urtarrilaren 30eko greba orokorrera batzeko deia ere egin dute protestaren amaieran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.