Pentsiodunek erakundeei eskatu diete osa ditzatela gutxieneko pentsioak

Gogoratu dute Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen %2 bideratzea aski litzakeela 1.080 eurotik beherako pentsiorik egon ez dadin

Bi mila lagunetik gora bildu ziren Gasteizen, pentsio «publikoak eta duinak» eskatzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Urtearen hasieran Espainiako Gorteetan onartutako pentsioen erreformak ez ditu ase pentsiodunak, eta ozen adierazi dute beste behin beren desadostasuna. Gasteizko kaleetara eraman zuten atzo protesta, ia hiru egunez bidea oinez egin ondoren: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin aldarrikatzeko. Euskal erakundeei mezu zuzena igorri zieten, halaber: eskatu zieten bitartekoak jar ditzatela kopuru horretara heltzen ez diren gutxieneko pentsioak osatu ahal izateko.

Goizeko lehen orduan iritsi ziren martxalariak Gasteizera. Asteartean abiatu ziren oinez, Bilbotik eta Bergaratik (Gipuzkoa), eta atzo egin zuten Aguraindik (Araba). Hiru zutabeek Gamarran egin zuten bat, azkenengo kilometroak elkarrekin egiteko. Guztira, ehun lagunek baino gehiagok hartu zuten parte martxa horietan. Zuberoa plazan, dena den, Euskal Herriko txoko guztietatik bertaratutako beste ehunka lagun batu zitzaizkien protestara. Martxa oinez egiterik izan ez zutenak autobusez joan baitziren, manifestazioan parte hartzera.

Ikusi gehiago:argazki bilduma

Felix Uribarri berriztarrak, esterako, Bilbotik egin zuen Gasteizerako bidea, beste hogeita hamabost bat lagunekin batera. Bidea «pozik eta alaitsu» egin zutela adierazi zuen: «Umorez eta gogoz egin dugu, zerbait lortuko dugun esperantzaz. Ea Urkulluk entzuten digun...».

Bergaratik ere beste hogeita hamar bat abiatu ziren; horietako bat izan zen Miguel Angel Murgiondo. Hark ere bidean izandako «giro ona» nabarmendu zuen. Javier Casanellasek eta Julia Floresek, berriz, bidearen «gogortasuna» azpimarratu zuten: «Luzea izan da, eta lo egiteko ere ez da erraza izan batzuetan, baina merezi izan du: borrokan jarraitu behar dugu».

Haien aldean, bide laburragoa egin zuten Arabako pentsiodunek: Aguraindik irten zen hirugarren zutabea, hogeita hamar bat lagun inguru denera, kilometroz kilometro Gasteizeraino iritsi arte. Bada, bidean igarotako herri guztietan jasotako «harrera ona» goratu zuen Mikel Lopez de la Callek: «Dulantzin 80 bat lagun batu ginen, eta egunetik egunera jende gehiago elkartu gara. Gerra emateko gogoa daukagu, gutxienez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortu arte».

219.024 pentsio hobetzeko

Gasteiz iparraldetik hiriaren erdigunerako bidea egin zuten manifestariek, nork bere pankartarekin, baina aldarrikapen nagusi batekin: pentsioek «duinak eta publikoak» izan behar dutela, eta, betiere, 1.080 eurotik gorakoak. Protestaren amaieran, pentsiodunek nabarmendu zuten «premiazko eta justiziazko aldarrikapena» dela. Izan ere, Hego Euskal Herrian, egun, 219.024 pertsonak jasotzen dute 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa; eskatzen duten gutxienekotik beherakoa, alegia. Horietako gehienak emakumeak dira, gainera.

Hori horrela, pentsiodunen mugimenduak uste du euskal erakundeek badituztela «baliabideak eta eskumenak» pentsioak handitu ahal izateko. Haien kalkuluen arabera, 230 milioi euro inguruko kostua izango luke horrek Eusko Jaurlaritzarentzat, eta 60 milioi eurokoa Nafarroako Gobernuarentzat, «aurrekontuaren %2 ingurukoa». Argi azaldu zuten: «Erabaki hori hartzea EAEko eta Nafarroako parlamentuen borondate politikoaren mende dago, eta ez dago hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik».

Ez da pentsiodunen eskaera bakarra, dena den: erretiro adina berriro 65 urtetan jartzea eta pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko urteak hamabostera jaistea ere eskatzen dute. Pentsioen erreformaren lege proiektua tramitean dela baliatu nahi dute Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdiei presio egin eta aldaketa horiek jaso ditzaten eskatzeko. «Igandean gogoraraziko dizuegu», adierazi zuten protestaren amaieran.

Izan ere, Madrilek onartutako pentsio erreformari argi baino askoz itzal gehiago ikusten dizkio pentsiodunen mugimenduak. Erreformaren ondorioz pentsioak zertxobait igoko badira ere, ez da «nahikoa», mugimenduaren iritziz. Horregatik, argi dute helburua lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela; astelehenean bertan Iruñera eramango dute protesta, hain justu ere.

«Pentsioak gaurkotzeko indizea, jasangarritasun faktorea eta beste hainbat murrizketa eragotzi ditugun bezala, bidezkoa dena lortzeko gai izango gara», azpimarratu zuten. «Mobilizazioa da gure bermea. Borroka hau irabaziko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.