Trumpek gerra «bukatu samartutzat» eman izanak beherakada ekarri dio petrolio upelaren prezioari

Bart gauean Brent petrolio upela ia 120 dolarretara iritsi da, baina 90 dolarren azpitik jarri da geroago.

Xahran findegia Teheranen, bart bonbardaketa nozitu ostean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Xahran findegia Teheranen, bart bonbardaketa nozitu ostean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irune Lasa - Jokin Sagarzazu - Gotzon Hermosilla
2026ko martxoaren 9a
21:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Merkatuen aztoramendua beste maila batera iritsi da gaur. Persiar golkoko gatazka hasieran uste zen baino gehiago luzatu eta hedatuko den beldurrak eraginda, Brent upela %25 garestitu, eta 120 dolarrera iristear egon da goizaldean. Sukarra apaldu egin da gero, publiko egin denean G7ko taldeak bilera zuela petrolio erreserba estrategikoen merkaturatzeaz hitz egiteko. Eta geroago, are gehiago lasaitu dituzte merkatuak Donald Trump AEBetako presidentearen adierazpenek: CBS kateak egindako elkarrizketa batean esan du gerra «espero baino hobeto» doala eta «bukatu samartuta» dagoela. Berehala iritsi da erreakzioa: upelaren prezioa 90 dolarren azpira apaldu da.

Trumpek hitz egin aurretik, petrolio erreserba estrategikoak merkaturatzeko aukera zen hizpide nagusia, baina aukera hori ere ez zegoen batere argi. «Ez gaude puntu horretan», esan zuen Frantziako Finantza ministro Roland Lescurek, Trumpen adierazpenak entzun aurretik.

G7koek —AEB, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada— agiri bateratu batean esan zuten ez dutela baztertzen neurri hori hartzea, eta prest daudela erreserba estrategikoen parte bat saltzen hasteko beharrezkoa bada. «Egoerari eta energia merkatuei hurbiletik begiratzen jarraituko dugu, eta beharrezkoa denean informazioa elkartu eta koordinatuko dugu, G7aren barnean eta nazioarteko bazkideekin».

1.200

Zenbatekoak diren IEAren petrolio erreserbak, milioika upeletan. G7aren bileraren ondoren, han parte hartu duen Fatih Birol IEA Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari nagusiak jakinarazi du IEAko kideek 1.200 milioi petrolio upel dituztela larrialdietarako erreserbatan, eta beste seiehun milioi upel daudela esku pribatuetan.

Gaur goizean Saudi Arabiak, Persiar golkoko petrolio ekoizle handienak, bat egin du Arabiar Emirerri Batuekin, Kuwaitekin eta Irakekin, eta bere ekoizpena murrizten hasi da, bere biltegiak betetzeko arriskua ikusita, eta produkzioa eten behar izateko arriskua saihesteko.

Herrialde horrek hamar milioi upel inguru ekoizten ditu egunero, eta horietatik zazpi milioi esportatzen ditu. Aramcok jakinarazi du bere produkzioaren parte handi bat lurretik garraiatzen ari dela Itsaso Gorriraino, hodien bidez, eta gero itsasontzietan sartzen dutela.

Gorriz tindatuta

Petrolio upelaren prezioa ehun dolarretatik gorakoa izanda, inflazio arriskua gero eta hurbilago ikusten zuten finantza merkatuek, eta nahasmena burtsetan islatu da. Asian, Japoniako Nikkeiak eta Hego Koreako Kospiak %5etik gorako galerekin itxi dute eguna. Txinan, aldiz, beherakada %1 ingurukoa izan da. Badirudi herrialdeak bere erreserba propioak dituela eta horrek nolabaiteko abantaila ematen diola. Ez da ahaztu behar, halaber, azken hilabeteetan Txina deflazioa nozitzen ari dela.

Europan burtsek %3ko galerekin hasi dute eguna, baina ondo hartu dute G7ak erreserbak merkaturatzeko aukera zabaldu izana, eta azkenean eguna %1 azpiko galerarekin amaitu dute. Wall Streeten ere galerak %1 ingurukoak izaten ari ziren, baina egoera erabat aldatu da Trumpen adierazpenen ostean, eta azkenean %0,7 egin du gora.

Inflazioaren inguruko kezka nabaria izan da merkatuetan. Eta ez da gutxiagorako. Trumpen hitzek atzo egoera baretzera jo aurretik, nabarmen garestituta zeuden erregaiak. Batez ere diesela, baina baita hegazkinetarako kerosenoa ere.

Erregaiez gain, Persiar golkoko gerraren eragina beste hainbat arlotan hasi da antzematen. Euriborra, adibidez, asko igo da azken egunetan, eta hipoteketarako erreferentzia nagusia otsailaren 27ko %2,222tik %2,367ra iritsi da gaur. Igoera horrek erakusten du, besteak beste, oso posible dela EBZk interes tasak igotzea etor daitekeen inflazioari eutsi nahian.

ZER DIRA PETROLIO ERRESERBAK?

Joan den mendeko 70eko petrolio krisi latzak gogoan, herrialdeak erreserbak pilatzen hasi ziren, eta oraintxe IEA Nazioarteko Energia Agentziako 32 kidek petrolio erreserba estrategikoak dituzte, hain zuzen petrolioaren prezioek eragindako krisiei aurre egiteko. Haien parte bat gobernuek kontrolatzen dute, eta beste parte bat erreserbak gordetzera behartuta dauden esku pribatuetan daude. Erreserba horiek aurreko urteko petrolio inportazioak 90 egunez betetzeko gai izan behar dute. IEAtik kanpo dauden herrialdeek ere badituzte erreserbak, eta uste da Txinarena dela haietan handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA