Saudi Arabiak iragarri du beste hilabertez luzatuko duela petrolio ekoizpena murrizteko erabakia, abuztura arte gutxienez. Izan ere, Brent upelaren prezioa garestitzeko apustuak ez du esperotako emaitza izan gaur-gaurkoz. Upela 80 dolarretik gora nahi du Riadek, baina egun 75 eta 76 dolar artean ari da salerosten nazioarteko merkatuetan.
Egunean milioi bat upel gutxiago ekoizten ari da orain. Hamabi milioi upel ekoizteko gaitasuna dauka Saudi Arabiak, baina bederatzi ari da merkaturatzen egun. Azken urteetako kopururik txikiena da, baina kosta ahala kosta garestitu nahi du petroloaren prezioa Riadek, bere kontuak orekatzeko.
Ekainean, neurria iragarri zuenean, prezioa gora egiten hasi zen, baina ez nahi zuen beste. Eta hori bera gertatu zitzaion atzo ere. Hori dela eta, ez du baztertu ekoizpena txikitzeko epea gehiago luzatzea, ordainetan diru sarrerak nabarmen murriztuko bazaizkio ere.
Riaden mugimenduak izan du erantzunik, dena den. Errusiak iragarri baitu 500.000 upel erretiratuko dituela merkatutik abuztuan. Lehenago ere egina zuen iragarpen hori Moskuk, eta ez du argitu aurretik esandakoarekin loturarik duen edo murrizketa gehiago ote diren.