Azken hilabeteotan apurka ekoizpena handitzen aritu ondoren, kontrako bidea hartzea erabaki dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) eta haren aliatuak, Errusia buru dutela. LPEE+ izeneko taldeak erabakitako murrizketa sinbolikoa da —100.000 upel gutxiago urrian irailean baino—, baina nahikoa izan da petrolio upelaren merkatzea geratzeko: arratsalde erdian 96 dolarrean ari da salerosten Brent upela, goizean baino hiru dolar gehiago.
Atzeraldi hotsak eragindako erabaki bat izan da kartelarena eta haren aliatuena. Izan ere, udak aurrera egin ahala merkatzen aritu da upela, inflazio handiaren ondorioz atzeraldi bat etorri eta kontsumoa asko jaitsiko duelakoan. Upela gehiago merkatu aurretik, ehun dolarren bueltan mantentzeko ahaleginduko dela erakutsi nahi du horrela LPEE+ taldeak.
Irailean, kartelaren eta aliatuen ekoizpena itxialdien aurreko mailara itzuli zen azkenean.
Uztailean, Joe Biden AEBetako presidentea Saudi Arabian izan zen, eta Mohammed bin Salman Saudi Arabiako de factoko buruari eskatu zion petrolio ekoizpena handitzeko. Hori gertatu zen abuztuan eta irailean, baina igoera hori etetea erabaki dute Riadek, Moskuk eta haien aliatuek.