PETROLIOA. Nigeriako grebak 50 dolarretik gora bultzatu du Brenta

Berriro, petrolio eskasia izango den beldurrak bultzatuta, Ipar Itsasoko upela 50,47 dolarrera ailegatu da Londresko merkatuan

joxerra senar
2004ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Duela sei hilabete, ia ezinezkoa zirudien Brent petrolio upelak 50 dolarrak gainditzea. Baina atzo hala gertatu zen. Nigerian lau eguneko greba hasi dute, eta lanuzteak mehatxuan jarri du munduko eta batez ere Estatu Batuetako findegientzat gogokoen den petrolio arinaren hornikuntza. Ondorioz, atzo, Londresko merkatuan Brent upela 50,47 dolarretan salerosi zen, eta New Yorken Texas upela 53,80ra iritsi zen.

Europan erreferentzia nagusi den upelak, Ipar Itsasoko Brentak, ia bikoiztu egin du prezioa urtebetean. Dena den, oraindik urruti dago 1978an Irango iraultzaren ondoren lortu zuen preziotik: orduan 40 dolarrak ez zituen gainditu, baina diruaren egungo balioa kontuan hartuta, petrolioa 80 dolarrera iritsi zen. Atzokoa petrolioak inoiz izan duen bigarren prezioa da goitik, beraz.

Nigeriako gertakariak

Nigeria munduko seigarren petrolio-esportatzailea da, Estatu Batuetako bosgarren inportatzailea, eta, azken datuen arabera, egunean 2,42 milioi upel merkaturatzen ditu. Haatik, petrolio gehiena multinazionalek ustiatzen dute, eta, herrialdeak findegirik ez duenez, erregaiak inportatzera behartuta dago. Gainera, 2003ko urritik prezioa liberalizatzeko plana abian jarri du Nigeriako Gobernuak, eta erregaia merkatzeko diru laguntzak kendu egin ditu. Ondorioz, hamabost egunen buruan %25 igo dira prezioak.

Igoera jasanezina bihurtu da biztanleen %80 pobreak diren herrialde hartan, eta ostiralean gobernuarekin akordiorik lortu ez zutenez, lau eguneko greba orokorrera deitu zuen NLC Lanaren Kongresu Nigeriarrak 29 sindikatu biltzen ditu. Atzo hasi zen greba. Erregaiak %25 merkatzeko eskatzen dute. Larunbatean, NLCko buru Adams Oshiomhole atxilotu zuten Nigeriako segurtasun indarrek, Abuja hiriburuko aireportuan. Epaileen agindurik gabe, hamabost poliziak bultzaka komisariara eraman zuten, eta gauean aske utzi zuten, «gaizki ulertu bat» izan zela argudiatuta, Oshiomholek BBCri esandakoaren arabera.Lau egunak igarotakoan, sindikatuek aukera emango diote gobernuarekin negoziatzen hasteko: «Ez badute nahi, berriro greban jarraituko dugu... Oraingoan, aurrera egingo dugu denontzat onargarria den akordio batera ailegatu arte», azaldu zuen Oshiomholek.Hala ere, grebak ez duela hornikuntzan eraginik izango zioten atzo Nigeriako petrolio-ekoizleek. «Ez dugu ekoizpenik murriztu. Plataformetako eta esportazio biltegietako jendeak lanean segituko du», esan zuen Pengassan patronaleko zuzendari nagusi Lumumba Okugbawak. Shell Nigeriako ustiatzaile handienak atzo iragarri zuen orain arte esportazioak ez direla gelditu.Merkatuak zuhurrago ageri dira. «Ez dakigu zer gertatuko den Nigerian, eta asteburuaren ostean, jendeak hornikuntzaarazoetan jarri du arreta berriz», azaldu zuen Standard Bankeko William Buchananek.Kezka ez da nolanahikoa. «Aurten, Txinaren eta Indiaren hazkunde azkarrak bultzatuta, munduko eskaria sendotu egin da, eta eskaintza bere gaitasunaren mugara bultzatu du», zioen Energyasiak azken txostenean. «Ez dago nahiko petrolio», ebatzizuen atzo Deutsche Bankeko petrolio aditu Adam Sieminskik. LPEE bere mugatik gero eta gertuago dago: «Hornikuntza arazoa gero eta handiagoa da, eta erantzuteko ahalmena, berriz, oso txikia».Bestelako mezua zabaldu zuten Ali al-Naimi, Saudi Arabiako Petrolio ministroak: «Ez dago justifikaziorik petrolioaren egungo prezioa arrazoitzeko. Urte politikoa da, eta, agian, horrek badu bere eragina». LPEEk urte hasieratik 2,5 milioi upel gehiago merkaturatu ditu batez beste, eta, Ali al Naimiren iritziz, Saudi Arabiak beste 1,5 milioi upel gehiago ekoitz ditzake. Baina adituek diote petrolio horrek ez duela ezer lortuko, sufre asko baitu eta findegientzat kalitate txarragokoa baita.

Estatu Batuen presioa

Asteburuan, John Snow AEBetako Altxor idazkaria Ekialdeko Finantza ministroekin hitz egin du, eta produkzio kuotak igo beharra dagoela azaldu die. Estatu Batuetako Mineralen Kudeaketa zerbitzuak web orrian iragarri du Ivan urakanak kalte egin diela Mexiko Golkoan dauden 4.000 azpiegiturari eta 53.100 kilometro luzerako petroliobideetatik 150 plataforma eta 16.100 kilometrori. Adituen iritziz, urtea amaitu bitartean gutxienez, ekoizpena ez da bere onera itzuliko.

-

ERREGAIEN PREZIOA



Gasolindegi batzuetan superrak euro bat balio du



Usurbilen, Irunen NI errepidean eta Altsasuko hiru gasolina zerbitzugunetan, super gasolina 1,019 euro ordaindu behar izan zuten atzo auto gidariek litroa. Espainiako Ekonomia Ministerioko web orriko informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian egun dauden 355 zerbitzuguneetan hori da super erregaiaren preziorik garestiena. Hala ere, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 30 gasolindegi ingurutan litroak euro bateko prezioa gainditu du: Elorrion, Deban, Itziarren, Lakuntzan eta Oliten, besteak beste. Batez besteko prezioa, berriz, 99 zentimokoa da. Abendutik 14 zentimo garestitu da superra. Berunik gabeko 95 oktanoko gasolina, berriz 12 zentimo garestiago ordaintzen da egun. Azken datuen arabera, batez besteko prezioa 91,2 zentimokoa da. Litro bat gasoliok, berriz, 13,5 zentimo gehiago balio du, eta orain batez beste salneurria 83 zentimo da litroa. Urriko lehen egunetan, berriz, gasolinak 1,7 zentimo garestitu dira, eta gasolioa 2,6. Gasolina zerbitzugune bakoitzeko prezioak egunetik egunera nola dauden jakin nahi izanez gero, registrotelematico.mineco.es/carburantes/index.asp web orria dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.