Binance kriptodiruen salerosketarako plataformak pirata informatikoen eraso bat jasan du gaur goizaldean, eta 6.300 milioi dolar galdu ditu —5.600 milioi euro—. Enpresak eman du erasoaren berri bere sare sozialetan, eta jakinarazi du plataformaren jarduera geldiarazi duela «segurtasun arrakala konpondu bitartean». Hala, gordailuak eta erretiratzeak eten ditu aldi baterako.
Bere webgune ofizialean argitaratutako ohar batean, Binancek azaldu du erasotzaileek ingeniari baten ordenagailuari eraso egin diotela, eta horren bitartez sartu direla plataformako sistemara. Orain arte egindako ikerketetan ondorioztatu dute hori; dena den, ohar berean jakinarazi dute txosten tekniko zehatz bat argitaratuko dutela zer gertatu den guztiz argitzean.
Enpresak oraindik ez du zehaztu behin betiko zenbat galdu den, ezta zenbat diru berreskuratu ahal izango duen ere. Hala ere, azaldu du Blockchain sektoreko enpresekin lanean ari direla kaltetutako aktiboetan 3.000 milioi dolar inguru izozteko.
Era berean, azaldu du Binanceko erabiltzaileek ez dutela inolako galerarik izango, horiek estaltzeko erabiltzaileen babeserako funtsa erabiliko baitu. Horiek horrela, berezoen inbertsioak «babestuta» daudela azpimarratu du.Â
Hala ere, Binancek azaldu du erabiltzaileek «adi egon behar dutela iruzur posibleei», eta ohartarazi die iturri ez-ofizialetako esteketan edo mezuetan ez sartzeko.
Inoizko lapurretarik handiena
Kriptodiruaren sektorean inoiz egin den erasorik handiena izan da gaurkoa. Orain arteko kriptodiruen lapurretarik handiena 2025eko otsailean gertatu zen Bybit plataforman, eta ia 1.500 milioi dolar lapurtu zituzten.
Binance kriptodiruaren merkatuko truke plataformarik handiena da. 360 diru digital baino gehiagorekin negoziatu daiteke bertan, eta 150 milioi bezero baino gehiago ditu.
Hortaz, gaurko erasoaren ondorioak berehala nabaritu dira merkatuan, eta Binanceko akzioak %4,8 jaisteaz gain, kriptodiruen balioan ere izan du eragina lapurretak.
Esate baterako, bitcoina %3 inguru jaitsi da, eta azken sei asteko mailarik baxuenean dago. Era berean, ether kriptodirua ia %2 erori da, bi hilabetean izandako jaitsierarik handiena. Eta BNB %8 baino gehiago apaldu da azken 24 orduetan, eta 694 dolarretan dago orain.