Erregai bat politikaren pasabidean trabatuta

Bruselak dieselaren erabilera murriztu nahi du, eta estatuei eskatu die diru laguntzak amaitzeko; hil amaierara arteko epea dute hori egiteko. Erregai hori erabiltzen duten profesionalak kexu dira.

Hainbat kamioi errepidean pilatuta, Errenterian, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Hainbat kamioi errepidean pilatuta, Errenterian, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askok jarriak dituzte begiak dieselean, eta gatazka sortzen du haren kudeaketak. Gehien garestitu den erregaia da, baita gehien kontsumitzen dena ere. Batzuek haren kontsumoa gutxitu dadin nahi dute, beste batzuek ezinbestekoa dute lanerako, eta beste askok egunerokoan kontsumitzen dute, joan-etorrietan. Espainiako Gobernuak haren gaineko zerga txikituko du irailean, azken urtean %15 baino gehiago garestitu baita. Hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren 20 zentimoko jaitsiera aplikatuko zaio gasolio litro bakoitzari.

EB Europako Batasunarekin adostutakoaren kontrakoa da neurri hori. Izan ere, EBk gasolioa erabiltzeari utzi nahi dio, eta, beraz, Madrilek eta Bruselak adostu zuten gasolioaren gaineko zerga igotzea. Espainiako Gobernuak abuztu amaierara arteko epea du horretarako. Adostutakoa egingo ez balu, Espainiako Gobernuak galdutzat emango luke EBren Next Generation funtseko diruaren parte bat.

%29,2

Zenbat garestitu den gasolioa Euskal Herrian. Iazko abuztuan baino %29,2 garestiago dago diesel litroa Euskal Herrian: 1,438 zegoen eta 1,858 dago batez beste. Zehazki, %28,9 garestitu da Hego Euskal Herrian: 1,420 eurotik 1,831 eurora; eta Ipar Euskal Herrian are handiagoa izan da igoera: 2,137 euroan dago batez beste, iazko abuztuan baino %31,2 garestiago.

Diesela azken urteko preziorik garestienera iritsi da. Otsailetik martxora, nabarmen igo zen salneurria; ekainean eta uztailean, zertxobait txikitu, eta, orain, goranzko joera hartu du berriro. Hala, ikusi da prezioaren igoerak lotura zuzena izan duela AEBen eta Iranen arteko gerraren bilakaerarekin, baita Errusiaren eta Ukrainaren artekoaren bilakaerarekin ere. Tentsio handiko garaia da hau energiaren merkatuarentzat. Eta, besteak beste, Moskuk urte amaierara arte luzatu du gasolina eta diesela esportatzeko debekua.

Bada beste kontu bat dieselaren merkatuan are tentsio handiagoa sortzen duena: kontsumo handia. Cores Petrolio Produktuen Erreserba Estrategikoen Espainiako Korporazioaren datuei erreparatuta, Hego Euskal Herrian saldu den gasolina litro bakoitzeko zazpi litro diesel saldu dira aurten. Eta, duela urte gutxi aldea handiagoa bazen ere, gasolioa guztiz ezinbestekoa da oraindik ere zenbait sektoretan, hala nola garraioan, nekazaritzan eta industrian. Kamioi, furgoneta eta traktore gehien-gehienek, adibidez, diesela erabiltzen dute, eta erregai asko kontsumitzen dute, gainera.

EBren maniobrak

Sektore horietako profesionalek nabarmentzen dute erregai hori haien jardunaren oinarrian dagoela; ezin dutela erabiltzeari utzi, eta Bruselak urgentziaz eta ondorioetan pentsatu gabe hartu dituela neurriak. Izan ere, Europako Batasunak asko aldatu ditu erregaien inguruko politikak azken hamarkadetan. Orain alde batera, gero bestera.

1980ko hamarkadan hasi eta ondorengo hiru hamarkadetan, diesela sustatu zuen talde komunitarioak, itsuki. Garai horretan, gasolinari baino zerga txikiagoa ezarri zitzaion gasolioari, hura hauspotzeko asmoz. Orain, aldiz, ahuldu egin nahi du EBk, eta mekanismoak abiarazi ditu horretarako.

Zehazki, gasolinaren eta gasolioaren zergak berdindu nahi ditu EBk, eta estatu kideek dirua jasotzen dute helburu hori betez gero. Espainiak, kasurako, bi erregai horien zerga berdintzeko konpromisoa hartu zuen Bruselarekin, eta adostu horren truke 200 milioi euro jasotzea, Next Generation funtsen barruan. Baina helburu hori betetzetik urruti dago oraingoz Madril. Frantziari dagokionez, berriz, gobernuak oraingoz ez du asmorik dieselaren zerga handitzeko. Beste helburu batzuk adostu zituzten Parisek eta Bruselak horren aurretik. Hala ere, gasolioaren prezio handiak protesta handiak eragin ditu han ere.

EBren suspertze planaren barruan sartzen dira aipatutako erreforma horiek. Estatuek abuztuaren 31ra arteko epea dute planari lotutako erreformak eta inbertsioak egiteko, eta irailaren 30era arteko epea dagokien dirua EBri eskatzeko. Herrialdeek, baina, Next Generation funtseko diru sail askori uko egin behar izan diete, ezin izan dutelako adostutakoa bete.

Gasolindegi bateko prezioen taula, Madrilen, abuztu erdialdean. KIKO HUESCA / EFE
Gasolindegi bateko prezioen taula, Madrilen, abuztu erdialdean. KIKO HUESCA / EFE

Gasolioaren kasuan, adibidez, Espainiako Gobernua 2021ean saiatu zen lehenbizikoz haren zerga eta gasolinarena berdintzen. Aurrekontuetan sartu zuten erreforma, baina kendu egin behar izan zuten, gobernukide batzuek kontrako jarrera hartu zutela eta. EAJ izan zen kontra egin zuen alderdi nagusia. Madrilek mahai gainean jarri zuen egitasmoa 2024an eta 2025ean ere, baina orduan ere ezin izan zuten aurrera atera erreforma —EAJk, Podemosek eta Juntsek baztertu baitzuten orduan—.

Hasieratik sortu du nahasmendua dieselaren aferak, eta horrek erabat baldintzatu du autogintzak Europan hartu duen norabidea. 1980ko eta 90eko hamarkadetan Europako agintariek argudiatzen zuten gasolio autoak eraginkorragoak zirela, eta gutxiago kutsatzen zutela. Baina ez zen egia. Gasolio bidezko ibilgailuek karbono dioxido (CO2) gutxiago isurtzen badute ere, nitrogeno oxidoa (NOx) ere isurtzen dute, eta hasieran asko. Lehenik, inor ez zen jabetu horretaz, baina gero etorri ziren arazoak. Gas horrek eragin zuzena baitu arnas aparatuko eta bihotzeko gaixotasunetan.

Bruselak norabidea aldatu zuenerako, diesel ibilgailu asko zebiltzan jada Europako errepideetan. Eta horri muga jartzeko asmoz, elektrifikazioa azkartzea erabaki zuten Europako agintariek, industria horretarako prestatuta egon baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA