Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak azaldu duenez, 52 urtetik gorako langabeek subsidio berezia berreskuratuko dute. Azpikontratazioari mugak ere jarriko dizkiote, enpresa osagarriak behartuko baitituzte sektoreko hitzarmena edo lanekoa errespetatzera.
Hitzartutakoa aurten bertan indarrean jartzea zaila izango dela onartu du Vicentek, baina prozedurak "berehala" indarrean jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Azken horrek ez du baieztatu akordioa dagoenik, eta UGTk ere ez. Magdalena Valerio Lan ministroak onartu du puntu batzuetan ados jarri direla sindikatuekin, baina CEOE patronarekin desadostasunak daudela gaineratu du. "Akordioa egiten saiatuko naiz, eta desadostasunak badaude, baketsuak izan daitezen". Akordioa dagoela esateko goizegi dela esan du, berriz, UGTk.
Ultraaktibitatearen garrantzia
2012ko eta 2013ko erreformek lehentasuna eman zioten enpresetako itunei sektoreetan sinatzen direnen aurretik. Gainera, ultraaktibitatea urtebetera mugatu zuten, hau da, lan itun baten epea amaitu ondoren urte bat soilik izango zela indarrean, eta ez mugarik gabe, erreforma horien atzetik gertatzen zen bezala. Patronalek begi onez hartu zuten ultraaktibitatearen muga, baina oso gaizki sindikatuek, uste baitzuten lan hitzarmenak ez berritzeko arrazoiak ematen zizkietela enpresaburuei.
Azken urteetan sektore batzuetan izan den soldaten debaluazioa neurri batean zor zaio ultraaktibitate mugatuari, hitzarmen asko bertan behera geratu direnez, errazagoa izan delako soldata txikiagoak ezartzea.
Estatalizazioa
Erreformaren beste ezaugarrietako bat izan zen Espainiako lan hitzarmenei lehentasuna eman ziela erkidegoetan eta probintzietan sinatutakoen aurrean. Lan kodearen puntu horretan aldaketarik ez duela espero onartu du ELAk, eta oso kezkatuta azaldu da, Espainiako lan itunetan soldatak bertakoak baino txikiagoak direnez, «langileen pobrezia» hedatzen dutelako.
«Lan baldintzen debaluazioaren estrategia» ez laguntzeko eskatu die ELAk Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei. Proposamen zehatz bat helaraziko die: langileek esparru desberdinetan aukeratutako sindikatuek goragoko esparruetan sinatutako akordioak hobetzeko aukera izatea.