«Presako» zerga erreforma eskatu du ELAk, aurrekontuen arazoari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak iragarritako aurrekontuen %5eko igoera gezurtatu du sindikatuak, eta esan du gastu sozial faltaren arazoari zerga erreforma batekin aurre egin behar zaiola.

2023-11-06, Bilbo. ELAk prentsaurrekoa eman du zaintzen inguruan osatu duen txostena eta proposamena aurkezteko, Azar...
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, hilabete hasieran, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 24a
13:55
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2024rako aurrekontuak aurkeztu eta hilabetera, ELA sindikatuak adierazi du proposamen «kontinuista» dela Jaurlaritzarena. Sindikatuak egindako txostenaren arabera, aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen du Lakuak osasunera eta hezkuntzara, eta uste du arazo horri aurre egiteko diru iturrietara jo behar dela, eta zerga erreforma sakon bat eskatu.

«Ezin da aurrekontuez hitz egin zergez hitz egin gabe», adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. Foru Ogasunek jasotako zergak dira Eusko Jaurlaritzaren politiken diru iturri nagusi, eta aldaketak eskatu ditu zerga bilketan. Izan ere, azken bost urteetan 125 milioi euro gutxiago jaso dira sozietateen zergaren bidez, Lakuntzaren esanetan, eta enpresek gehiago ordaindu behar dutela gehitu du.

%25

Enpresek ordaindu beharreko zergaren proposamena Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak garbi du enpresek zerga gehiago ordaindu behar dituztela. ELAk duela bi urte egindako ikerketa baten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 20-30 enpresa nagusiek %7ko zergak ordaindu zituzten batez beste. Hori handitzearen beharra nabarmendu du Lakuntzak.

ELAk duela bi urte egindako txosten batera egin du atzera Lakuntzak sindikatuak eskatzen duena gogorarazteko: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 20-30 enpresa nagusiek ordaindutako zergak aztertu zituen orduan, eta ondorioztatu zuen batez beste %7ko karga inpositiboa izan zutela. ELAren proposamena da enpresa handiek %25eko zergak ordaintzea.

Desadostasunak zenbakietan

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak harro iragarri zuen urriaren 18an %5 handituko zela Lakuaren aurrekontua 2024. urterako. Hala ere, ELAk garbi du osasunera eta hezkuntzara aberastasunaren gero eta zati txikiago bat bideratzen dela, eta aurrekontu horiek Urkulluren zigilua dutela esan du Lakuntzak, «aldaketarik ez dagoelako».

Azpiazuk iragarritako %5eko igoera hori gezurtatu du ELAk, aurrekontu erreala %3,4 handituko dela kalkulatu baitu sindikatuak, barne produktu gordinaren hazkundearen azpitik, 2024ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5 haziko dela aurreikusten baita.

«Urkulluren marka duten aurrekontuak dira. Zergatik? Ez dagoelako aldaketarik». 

MITXEL LAKUNTZAELA sindikatuko idazkari nagusia

Osasun Sailak izango du aurrekonturik handiena, 4.896 milioi euroren gastuarekin. Azpiazuk iazko aurrekontuarekin alderatu zuen orduan, eta %5,6ko hazkundea iragarri, baina sindikatuak 2023ko gastu errealaren aurreikuspenarekin alderatu du, eta soilik %1,9 haziko dela kalkulatu du (+90 milioi euro).

Novalek adierazi du Europan batez beste BPGaren %8 gastatzen dela osasungintzan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, BPGaren %5,13koa izango da datorren urtean, ia hiru puntu gutxiago.

Osasun alorraren ondoren, hezkuntzan jartzen da diru gehien. 2024an 3.672 milioi euro gastatzea aurreikusi da, eta hor ere desadostasunak daude Jaurlaritzak iragarritakoaren eta ELAk dioenaren artean. Azpiazuk adierazi zuen %5,5 handituko dela hezkuntzako aurrekontua eta, ELAk dio 2023ko gastu aurreikuspenarekin alderatuta, %3,7koa izango dela igoera.

Etxebizitzaren arazoa ere larritzen ari da azken urteetan, alokairuaren prezioaren igoera dela-eta batez ere. Lakuntzak adierazi du Urkulluk Madrili egozten diola etxebizitzaren esparruan Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan sartzea, baina Jaurlaritzak etxebizitza merkatuan esku hartzeko intentziorik ez duela azpimarratu du. Hala, Lakuntzak uste du etxebizitza alorreko politikak egin ahal izateko 500 milioi euro gehiago jarri beharko liratekeela Europako herrialdeen mailara hurbiltzeko.

Arazoei aurre egiteko, inbertsioa

Novalek esan du 2024ko aurrekontuak «jendearen arazoak kontuan hartu gabe» egin direla, eta, hori ikusirik, proposamen zerrenda bat aurkeztu du. Zerga erreforma eskatzeaz gain, gizarte arloko sektorerik garrantzitsuenetan, osasunean eta hezkuntzan bereziki, inbertsio publikoa «Europako batez besteko mailarekin» parekatzeko eskatu du sindikatuak.

«Trantsizio ekosoziala» sustatzeko funts publiko bat sortzea ere bada ELAren proposamena, eta funtzionarioen lan baldintzak Hegoaldean erabakitzeko eskumenak lortzearen beharra azaldu du, berriro ere.

Bestalde, Lakuntzak iragarri du ELAk mobilizatzen jarraituko duela, eta azaroaren 30eko greba jarri du eredu. Mobilizazio sozialak zerbait lortzen badu, hori «behar sozialak agerian uztea da», idazkari nagusiak nabarmendu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.