Produktu agroekologikoak identifikatzeko zigilu bat sortu dute Euskal Herri osorako

EHKO Mantangorria ziurtagiria aurkeztu dute, Ordizian antolatutako azoka berezian. EHKOlektiboak espero du etxalde txikien ekoizpen ekologikoa zabaltzeko tresna izango dela.

(ID_16543904) (Jon Urbe/) 2026-10-17, Ordizia. EHKO identifikatzaile agroekologikoaren aurkezpena, gaur goizean, Ordizian.
EHKO identifikatzaile agroekologikoaren aurkezpena, gaur goizean, Ordizian. JON URBE / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
Ordizia
2026ko urriaren 17a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da nolanahikoa izan gaur Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian egindako azoka: aurrerantzean etxalde eta elikagai agroekologikoak identifikatuko dituen zigilua aurkeztu du EHKOlektiboak. Marigorri baten irudia du identifikatzaileak, eta, hain zuzen, haren itxurak ematen dio izena: EHKO Mantangorria.

Eragile eta laborari agroekologikoen topaleku denez, azokara bertaratutakoek aukera izan dute produktuak erosteko —eta dastatzeko— dagoeneko identifikatzailea duten Euskal Herri osoko 60 etxalderi baino gehiagori. Agroekologiaren garrantziaz hausnartzeko tartea ere izan dute goizean, sektoreko zenbait eragiletako kideek osatu duten mahai inguruan. Azokari amaiera emateko, berriz, ekitaldia egin dute Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.

«EHKOlektiboa sortu genuen Euskal Herrian agroekologia artikulatzeko eta lehen sektore bizigarri bat eraikitzeko», adierazi dio BERRIAri taldeko kide Haizea Bengoetxeak. Eredu agroekologikoa definitzeko, Bengoetxeak azaldu du ez dela ekoizpen eredu hutsa, baizik eta mugimendu sozial eta ekonomikoa dela, «bizitzaren eredu askotarikoak» batzen dituena.

Haren hitzetan, identifikatzaileak bat egiten du elkartearen oinarriekin, eredu agroekologikoa Euskal Herrian «errazago hedatzeko eta elikadura sisteman finkatzeko» xedea baitu. EHKO Mantangorria zigiluak Euskal Herri osoko etxalde eta produktu agroekologikoak identifikatzen ditu, kolektiboko kidearen esanetan, etxaldeak, herritarrak eta elikadura espazioak «agroekologiaren bidean kokatzen laguntzeko».

EHKO mantangorria lortzeko irizpideak

  1. Ekoizpena ekologikoa izatea, Europako Batasunaren euro-hostoa ziurtagirian oinarrituta.

  2. Tokikoa izatea, hau da, lekuan lekuko inguruneari lotutakoa eta biodibertsitatean oinarritutakoa.

  3. Etxaldean lan egiten duten pertsonen zaintza bermatzea.

  4. Ekonomia sozial eta eraldatzailea izatea, alegia, komertzializazio ziklo laburren bidez lan egitea.

Bengoetxeak adierazi du EHKO Mantangorria lortzeko irizpideak «modu naturalean» betetzen dituztela Euskal Herriko etxalde txiki gehienek. Argitu du, gainera, identifikatzailea ez izateak ez duela esan nahi EHKOlektiboko kide ez denik: «Agroekologiara gerturatzeko pausoak emateko baliagarria da». Haren hitzetan, EHKOlektiboa osatzen duten lantaldeek urte luzez eginiko lanaren emaitza da zigilua, «aurrerantzean agroekologikora bidean ateak irekiko» dituena.

Kolektiboko kideak nabarmendu du herritarrek eta laborariek osatzen dituztela lantalde horiek, eta bakoitzak «bere errealitatetik eta ingurunetik abiatuta» eraikitzen dituela agroekologia definitzeko irizipideak: «Ondoren, lantaldeetan irizpide horiek adosten eta aplikatzen dira». Izan ere, azaldu du lehen sektorean sarri nahasten direla kontzeptuak, informazio falta handia dagoela, eta, beraz, «inoiz baino beharrezkoagoa» dela agroekologia zer den eta zertarako balio duen zehaztea.

60

Zenbat etxaldek duten dagoeneko EHKO Mantangorria. Haien produktu agroekologikoak erosteko eta dastatzeko aukera eduki dute EHKOlektiboak Ordizian antolatutako azokara bertaratutakoek.

Nola lortu

Identifikatzailea eskuratzeko prozesua BSP berme sistema parte hartzaile deiturikoak arautzen du. «Laborarien, herritarren eta beste eragile sozialen artean elkarrenganako konfiantzan oinarritutako alternatiba herrikoia da», esan du Bengoetxeak, eta honetan datza: lehenbizi, etxalde bakoitzak EHKOlektiboan adostutako irizpideen galdetegi bat jasotzen du, agroekologiarako bidean non den zehazteko.

Gero, etxalde bakoitzak galdetegian emandako erantzunak jasotzen ditu BSPren batzordeak, eta etxalde bakoitza agroekologiarako bidean non den ebatzi. Lau irizpideak betez gero, etxaldeak identifikatzailea jasotzen du; irizpideak bete ezean, bide hori lantzeko aukera ematen die EHKOlektiboak etxalde horiei.

Horrez gain, etxalde bakoitzaren lekuan lekuko errealitatea ezagutzeko, kolektiboak bisitak ere antolatzen ditu agroekologia lantzen duten zenbait etxaldetara.

«Laborariok agroekologian oinarrituta baino ezin dugu bizirik iraun. Hori lortzeko bitartekoa da identifikatzailea»

HAIZEA BENGOETXEA EHKOlektiboko kidea

Alternatiba bakarra

Lehen sektorea osatzen duten nekazariek eta abeltzainek asteak daramatzate kexaka euren egoeraren larritasunaz, batez ere uda honetako lehorteak eragindako kalte ekonomikoak direla eta. Arazo horri Bengoetxeak gehitu dio elikadura «negozio geroz eta handiagoa» dela industriarentzat: «Lehen sektorea bizigarria izateko aurkako norabidean eraikitzen ari dira».

Hori ikusirik, laborari baten ikuspegitik mintzatuta —Bengoetxeak Olatxu baserria kudeatzen du Gamiz-Fikan (Bizkaia)—, EHKOlektiboko kideak azaldu du agroekologian oinarrituta baino ezin dutela bizirik iraun. Hain zuzen, hori lortzeko bitarteko gisa irudikatzen du identifikatzailea: «Euskal Herrian saretuz eta elkarrekin lan eginez lor dezakegu eredu agroekologikoa eraginkorra izatea».

Bengoetxearen iritziz, lehen sektorea gain behera badoa ere, Euskal Herrian badaude «interesgarriak» diren zenbait proiektu agroekologiko. Horiek ezagutarazteko balio izan du goizean Ordizian eginiko azokak, eta espero du horri jarraipena ematea identifikatzaileak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA