Herrialde batek ekoizten dituen produktuak babesteko baliatzen den politika ekonomikoa. Protekzionismoa sokaren mutur batean badago, merkataritza librea bestean. Globalizazioaren garaipen argiarekin sokatira horretan merkataritza librearen aldea irabazten ari zen krisia piztu arte, hura ere globala. Eta, orain, merkataritzaren soka beste aldera doala ematen du, geroz eta gehiago baitira euren enpresak eta produktuak babesteko neurri protekzionistak hartzen ari diren estatuak.
Ez da bakarrik atzerriko produktuei zerga handiagoak jartzea; ez da aduana zerga klasikoen kontua soilik. Estatuek exijentzia amaigabeak ezar diezazkieke atzerriko enpresei euren produktuek merkatu horretan indarrean dauden estandarretara ez iristeko edo, iritsiz gero, lehiakortasuna galduta iristeko. Etxekoei abantailak ematea da kontua, eta merkatu horretan saldu nahi duenari trukean gehiago eskatzea; teknologia ekartzea izan daiteke, adibidez bertako partner batekin bazkidetzeko derrigortasunarekin, edo saltzera doan produktuaren ekoizpena (osoa edo zati bat) herrialdean bertan egiteko derrigortasunarekin.
«Merkataritza librearen aurka gertatzen ari diren mugimendu hauek pendulu baten modukoak dira; krisia iristen denean, beldurra izaten da gehien zabaldutako erreakzioa», dio Patxi Sasigain Saenz de Buruaga Adegiko Lehiakortasuneko zuzendariak. «Estatuek berea babestu nahi dute, eta ez dira konturatzen onena merkatua liberalizatzea dela horretarako, horrek lehiakor izatera bultzatzen dituelako enpresa guztiak, eta merke saltzera».
Brexit-a ere, azken finean, merkatu britainiarraren babes neurri bat da, nahiz eta hori baino gehiago den. Halaber, Donald Trump AEBetako presidentegaiak argi utzi du protekzionismoaren aldekoa dela. «TTIPak heriotzara kondenatua ematen du, eta esaten ari diren astakeria askoren kontra kontsumitzaileen babesa ekarriko zuen», dio Gipuzkoako patronaleko kideak.
Produktu egokia duen Gipuzkoako enpresa bat AEBetan sartzeko atarian dagoela kontatu dio Sasigainek kazeta honi, eta aduana zergak pagatu beharko dituela. «Neurri hori gainditzea da errazena; kontuak atera behar dira, eta, zenbakiak ateratzen badira, ba, pagatzen da eta kito. Arazoak beste batzuk dira». Zein? Administrazioak jartzen dituen baldintza gogorrak merkatuan sartu ahal izateko. «Kimikan, farmazeutikan... osasunarekin edo segurtasunarekin lotutako sektoreetan, bete ezin diren kontrolak exijitzen dituzte. Estatubatuarra ez bazara, bide hori itxita aurkituko duzu; baimenak, homologazioak eta bestelako ziurtagiriak lortzeko hiru urte beharko dituzu akaso. Eta, noski, ordurako zure produktua ez da ja lehiakorra».
AEBetako merkatuan
Protekzionismo neurriak ez dira urruneko herrialdeen kontua bakarrik: Europako Batasuna ere munduko eremu protekzionistenetakoa dela diote adituek. 2008tik 2014ra EB da ildo horretako neurri gehien hartu duena, Global Trade Alert (GTA) ikerketa zentro britainiarraren arabera. India, Txina, Alemania,AEBak eta Errusia ere zerrendaren goialdean daude protekzionismoa aztertzen denean. Handiek berena babesteko joera hori klasiko bat da.
Eta, hala ere, euskal enpresa askok lortu dute protekzionismo horren gainetik jardutea. Ampok, CAFek, Irizarrek, Danobatek eta beste hainbatek AEBetako merkatuan dihardute, kasurako, hango estandarrei egokitu ondoren. Beasaingo konpainiak 181 milioi euroko kontratua lortu berri du Marylandeko tranbia egiteko eta mantentzeko. Irizar bere I6 autobus integrala saltzen ari da arrakastaz, eserlekuak eta beste alor teknikoak egokitu ondoren. «Produktuak ez badira han ekoizten, oso zaila da saltzea», dio makina-erremintako multinazional ezagun bateko ordezkariak. «Merkataritza libreko itxura ematen du, baina oso protekzionista da». Teknologiaren zati esanguratsuak AEBetan erosteko derrigortasuna aipatzen du.
Neurri ulergarriak
«Betidanik ezagutu dugu norberak bere merkatua zaintzeko saioa. Txinako kasua datorkit burura autogintza zabaldu zuenean. Pekinek eskatzen zuen bazkide txinatar batekin joatea, ekoizpen zentro bat irekitzeko han». Miren Medinabeitia SPRIko Nazioartekotzearen zuzendariak dio batzuetan merezi duela baldintza horiek guztiak betetzea, eta beste batzuetan agian ez duela merezi. «Merkatu horrek emango dizun erantzunaren araberako ahalegina egin behar da. Adibidez, Hegoafrikan bertako jendea kontratatu behar da, eta, beltzak eta emakumezkoak badira, puntu gehiago lortuko dituzu administrazioari begira».
Finean, protekzionismoa zenbait kasutan «ulergarria» dela uste du Medinabeitiak. Ezagutza, enplegua eta finean inplikazioa eskatzen diete multinazionalei Txina, Hegoafrika, India eta beste merkatu handi batzuetako administrazioek. «Herrialde horiek teknologia eta enplegua behar dute, eta win-win proposatzen dute, denek irabaztea». Baina ez da gertatzen bakarrik garatzen ari diren merkatuetan. Merkatu helduetan ere berrindustrializazioa gertatzen ari da, AEBetan adibidez, eta gobernuek babes neurriak hartzen dituzte, muntatzearekin edo ekoizpen katearen beste faseekin lotuak.
«Nazioarteko merkataritzan aduana zergak mantentzen dira, baina txikitu egin dira azken hamarkadetan, merkataritza libreko itunak hedatu direlako. Zergek ordezkatu dituzte beste exijentzia hauek orain». Eusko Jaurlaritzako SPRIko kideak uste du gobernuek oso ongi diseinatzen dituztela neurri horiek inbertsioa erakartzeko. «Atzerriko enpresak beren merkatuetan sartzea interesatzen zaie, baina modu zehatz batean, eta hor aduana zergak ez du hainbesteko garrantzirik». Medinabeitiak dio euskal enpresek ikasi egin behar dituztela herrialde bakoitzaren baldintzak, zer behar duten, haien exijentziak ahalik eta hoberen ulertzeko eta betetzeko.
Globalizazioaren etorkizuna
Protekzionismoaren triki-traka
Euskal enpresa asko protekzionismo neurri sofistikatuetara egokitu dira merkatu zurrunetan sartzeko. Krisiak, izan ere, merkatu globalari muga gehiago jartzeko joera areagotu egin du azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu