Protesietako estaldurak garatzeko enpresa bat eratu dute I+Med kooperatibak eta Mondragonek

NanoSPharm konpainia berria abiatzeko 8,3 milioi euroren inbertsioa egin dute bien artean. «Protesietarako estaldura polimerikoen teknologia bat garatzea, industrializatzea eta merkaturatzea» da asmoa.

i+Med kooperatibaren egoitza nagusia Miñaon dago, Arabako Teknologia Parkean.  JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
i+Med kooperatibaren egoitza nagusia Miñaon dago, Arabako Teknologia Parkean. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Irune Lasa.
2026ko irailaren 22a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miñaon, Arabako Teknologia Parkean, NanoSPharm enpresa aurkeztu dute gaur Pello Rodriguez Mondragon taldeko presidenteak eta Manu Muñoz I+Med kooperatibako zuzendariak. Bi taldeek 8,3 milioi euroko inbertsioa egin dute bioteknologien sektorean enpresa aliantza bat eratzeko, eta bi fase aurreikusten dituzte haren bilakaeran.

Lehen fasean, NanoSPharmen helburu nagusia izango da sistema bat garatzea protesiek infekzioak eta arazoak sor ez ditzaten, eta baita haren balioeste klinikoa egitea eta zertifikazioa lortzea ere. Horretarako, I+Med kooperatibaren gidaritzapean, estaldura polimerikoen teknologia garatuko dute, protesietarako film bioaktibo bat, azido hialuronikoan eta kitosanoan oinarrituta.

Xedea da sistema bat egitea «osteointegrazioa errazte aldera eta gai izango dena protesiaren gainean biobateragarritasun handiko estaldura sortzeko; bakterioen kontrako hesi gisa balioko duena; autokonponketarako propietateak izango dituena, eta bertsio berriagoetan bioaktiboak modu kontrolatuan askatzeko modua emango duena».

Hainbat arlotarako

Agiri batean azaldu dutenez, garatuko den plataforma egokitu ahal izango da «hainbat protesi mota» egiteko, eta, era berean, hainbat arlotan erabili ahal izango dira: besteak beste, «odontologia, traumatologia, ortopedia, aurpegi masailetako kirurgia, kardiologia, urologia eta neurokirurgia arloetan».

Bigarren fasean, asmoa da NanoSPharmek baliabideak eta ahalmena izatea sistema horiek fabrikatzeko, industrializatzeko eta merkaturatzerako. 2030. urtean merkaturatu nahi dute sistema, eta, beraz, horren aurretik burutu nahi dituzte entseguak eta sistemaren zertifikazioa lortu.

Konpainia berriaren sortzaileek azaldu dutenez, «protesietarako estaldura medikoen munduko merkatua 1.500 milioi dolar ingurukoa zen 2023an, eta, sektorearen aurreikuspenen arabera, 2.830 milioi dolar ingurura iritsiko da 2030ean, batez beste urtero %9ko hazkundea metatuz. NanoSPharmek abagunea aprobetxatu nahi du, eta teknologia bereizgarri eta moldakor bat garatu, industria jabetzaren bidez babestua».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA