Hilaren 15erako deituta dagoen hamaikagarren greba orokorraren egunera itxaron gabe kalera atera dira Greziako herritarrak, gobernuak indarrean jarri nahi dituen austeritate neurriak salatzera. Atzo, hamahiru egunez segidan, milaka lagun elkartu ziren Atenasko Syntagma plazan eta beste hirietako enparantza nagusietan beren haserrea adierazteko. Bezperan, orain arteko jendetza handiena bildu zen Atenasen, 50.000 eta 300.000 artean, zenbait iturriren arabera.
Protesta horiei oraingoz entzungor egin die Giorgos Papandreu lehen ministroak. Atzo bere gobernukideekin eztabaidatu zuen ostiralean EB Europako Batasunarekin eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartutako plana, eta gaur bera buru duen PASOK alderdi sozialistarena ziurtatzen saiatuko da. PASOKek gehiengo osoa du, baina azken egunotan arrakalak erakusten hasi da. Hamasei diputatuk azken neurri sortari buruzko «eztabaida luzea» eskatu dute, baina denbora da, hain zuzen, Papandreuk ez duena. Izan ere, iaz onartutako 110.000 milioi euroren maileguetatik 12.000 milioi sakelean sartu ditu NDFk, eta ez ditu aterako plana onartu arte. Atenasko gobernuak diru horren beharra du uztailaren 1erako, zorra pagatzeari utzi nahi ez badio.
2015era bitartean 78.000 milioi euro eskuratzea du helburu Papandreuk pasarazi nahi duen austeritate programa berriak. Orain arte egindako gastu murrizketei eta zerga igoerei beste hainbat gehituko zaizkie: funtzionariei aparteko sariak gutxituko dizkiete, pentsioak gehiago jaitsiko dira eta etxeen jabetza, erregaiak, edari ez alkoholdunak eta tabakoa garestitu egingo dira.
Pribatizazioak abian
Diru iturri nagusia, ordea, egoitza publikoen salmenta eta pribatizazioak izango dira, horien bitartez 50.000 milioi euro patrikaratzea espero baitu gobernuak. Lehenengo 400 milioi euroak aurki patrikaratuko ditu Atenasko gobernuak, OTE telefonia konpainiaren %10 saldu baitio Deutsche Telekomi. Alemaniarrek %40 izango dute aurrerantzean, eta Greziako Estatua %10ekin geratuko da.
Papandreuk salgai jarriko dituSalonikako eta Pireoko portuak ere, estatua haien hiru laurdenen jabe baita. Pireoko portua, Atenas ondoan, Mediterraneo ekialdeko garrantzitsuenetako bat da, eta erdizka kudeatzen dute estatuak eta Txinako Cosco konpainiak. PPC argindar konpainiaren %17 ere pribatizatu nahi du Papandreuk, baina ez zaio erraza izango, enpresa hori interesgarria izateko aurretik energia sektorea liberalizatu beharko lukeelako. Gaur egun Greziak ditu Europako argindar tarifa merkeenetakoak, laguntza publikoei esker.
OPAP apostuetako enpresa publikoaren salmentan eta ATE nekazaritza sektoreko bankuarenean ere arazoak izango ditu.
Protesta ozenari entzungor, Atenas hasi da plana onartzeko botoen bila
OTE telefonia konpainiaren %10 Deutsche Telekomi salduta 400 milioi jasoko ditu Atenasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu