Litekeena da Madrilen su txikian kozinatzen ari den negoziazio prozesu batek Hego Euskal Herriko supermerkatu eta elikadura kate handietako milaka langileren lan baldintzak aldaraztea datozen urteetan. Asedas patronala —Mercadona, Lidl, Dia eta BM-Uvesco biltzen dituena— estatuko esparru akordio bat negoziatzen hasi da CCOO eta UGT sindikatuekin, eta mugimendu horrek kezka piztu du. ELAren eta LABen ustez, helburua da negoziazio kolektiboa Madrilera eramatea, eta horrek ahuldu egingo ditu probintziako hitzarmenen bidez lortutako lan baldintzak.
Horren harira egin dute greba gaur. Protestara deitu duten bi sindikatuen arabera, lanuzteak jarraipen «zabala» izan du, bereziki Lidl eta Dia taldeetako saltokietan. Bizkaian, hainbat Dia itxita egon dira —Mungian, Portugaleten, Zallan, Balmasedan eta Ermuan, besteak beste—, eta goizean Barakaldokoa ere itxi dute. Lidlek ere jarduera eten du Berangon, Gernikan, Galdakaon, Iurretan eta Zornotzan. Gasteizen, Iturritxuko eta Armentiako dendek bat egin dute grebarekin; Gipuzkoan, berriz, Donostiako Amara auzoko, Lezoko eta Urretxuko saltokiak itxita egon dira.
35.000 eta 40.000 langile artean aritzen dira Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzan. Baina Madrilen negoziatzen ari diren lan itunak ez lieke sektore osoko langileei eragingo, Asedas patronaleko kate handietakoei baizik. Hala ere, ELAren eta LABen arabera, litekeena da luzera begira probintziako hitzarmenen edukiak baldintzatzea.
3.000 euroren aldea
Gaur egun indarrean dauden lurralde hitzarmenek estatukoek baino baldintza hobeak jasotzen dituzte hainbat arlotan: soldatan, lanaldian, antzinatasun plusetan eta jaiegunetako ordainsarietan, besteak beste.
Soldatei erreparatuta, aldea nabarmena da. Gipuzkoako eta Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenetan —2026ko azken soldata taulen arabera—, kutxazain edo saltzaile baten oinarrizko soldata 20.500 eta 21.500 euro artekoa da urtean. Aldiz, Madrilen adosten diren estatuko hitzarmen orokorretan, kategoria bereko soldata 17.500 eta 18.500 euro ingurukoa da.
Horrez gain, Hego Euskal Herrian, supermerkatu handi batek jaiegun batean ireki nahi badu, plusak ordaindu behar dizkie langileei — 100-150 euro eguneko—, eta udan larunbat libreak izateko eskubidea jasotzen dute hitzarmen batzuek. Espainiako itunetan, ordea, igandean lan egitea askotan nahitaezkoa da langilearentzat.
ELAk eta LABek nabarmendu dute Madrilen hasi berri den negoziazioak luze joko duela, eta horiek aurrera egin ahala protestak gogortuko dituztela ohartarazi dute.