PSE-EEk eta EAJk mokoka jarraitzen dute oraindik. Eta atzokoa itunak proposatzeko eguna izan zuten. Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Moncloako Itunak berriz egitea proposatu zuen Madrilen, eta Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Ajuria Eneako Ituna berriz egiteko proposamenarekin erantzun zion jeltzaleen presidenteari.
Urkulluk Madrilen egindako adierazpen batzuen harira berpiztu zen atzo ika-mika. Nonbait, ez zitzaizkion nahikoak irudituEAEren egoera ekonomikoa horren larria ez dela azaltzeko Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak asteartean emandako arrazoiak. Eta halaxe adierazi zuen. Gezurtatu egin zuen berak porrot hitza erabili zuela, eta berriz esan zuen egoera «alarma guztiak pizteko modukoa» dela. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin telefonoz izandako elkarrizketa haien edukiaren inguruko beste xehetasun batzuk ere jakinarazi zituen. Esate baterako, Aresek aitortu ziola martxoa larritasun ekonomiko handiko hilabetea izango zela. Horren ostean, Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko prest dagoela adierazi zuen Urkulluk, krisia gainditzeko modu bakarra delakoan. Eta EAE eta Espainia krisitik ateratzeko Moncloako Itunak berriz egitea proposatu zuen.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ez zituen ondo hartu Urkulluk Madrilen esandakoak. «Euskadiren izen ona zikintzea» leporatu zion, eta esan Moncloako Itunak berriz egitea baino hobe luketela 1988an euskal alderdiek sinatu zuten Ajuria Eneko Itunaren gisako bat egitea, baina arlo ekonomikoan.
Ezker abertzalearen iritziz, PSE-EEk EAJri proposatutako ituna «porrotera kondenaturiko ituna» da, eredu sozio-ekonomiko bera ordezkatzen dutelako, «krisia sortu duenaren inguruko hausnarketa kritikorik gabekoa eta eskubide sozial eta laboralen zein zerbitzu publikoen murrizketan oinarritutakoa». EAJren eta PSE-EEren arteko azken egunetako ika-mika ere antzerki hutsa iruditzen zaiola esan zuen.
PSE-EEk krisiari aurre egiteko itun ekonomiko bat proposatu dio EAJri
Urkulluk dioenez, martxoa larritasun ekonomiko handiko hilabetea izango dela aitortu zion Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu