Hauek dira PSNk aurkeztu duen zerga erreformaren puntu nagusiak:
Errenta zerga
-Urtean 12.000 eurotik beherako errendimendua dutenak zerga ordaintzetik libre geratuko dira.
-125.000 eta 300.000 arteko errentetan, 175.000 eurotik gorako zerga tartea kendu egiten dute, eta zerga tasak jaitsi egiten ditu. 300.000 eurotik gorakoek gaur %51 ordaintzen dute, eta %48ra jaistea proposatzen du, UPNk proposatutakoa baino gehiago.
-Inflazioa aintzat hartuta, zerga tarifa %3 murrizten zaie errenta txiki eta ertainei.
-Kapital irabazien gaineko zerga tasak murriztu egingo dira: 6.000 euro artekoak %20tik %18ra, 12.000 euro artekoei %22, eta hortik gora %24ra.
Sozietate zerga
-Urtean hamar milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresa handiei %30etik 27ra murriztuko zaie zerga tasa lehen urtean, eta %24ra hurrengoan. Enpresa ertainei, berriz, %26 lehen urtean, eta %24 bigarrenean. Milioi bat eurotik beherako enpresa txikiei, %19ra. Kooperatibei, mutualitateei eta elkarrekiko berme elkarteei, berriz, %23ra.
-Kenkariak ezarri arren, ordaindu beharreko gutxienekoa %10ekoa izango da, eta %7koa urtebetera kontratu finkoak %5 handituz gero.
Ondare zerga
Gaur egun, zerga ordaintzeko gutxienekoa 311.000 eurokoa da, eta PSNk 800.000 eurora igotzea proposatzen du. UPNk milioi bat eurora igo nahi zuen.