Energia aurrezteko eta hobeto erabiltzeko ekimenak indartu nahi dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak. Horretarako bide eraginkorrena renove planak direla iritzita, gaurtik, berriro ere ibilgailu, etxetresna elektriko edota galdara berriak erosteko diru laguntzak ematen hasiko dira. Guztira 33 laguntza programa jarriko dituzte martxan, 19 milioi euroko aurrekontuarekin. Laguntza horiek 50.000 tona petrolio aurreztea eta airera 62,6 milioi tona CO2 isurtzea saihestuko dutela uste dute.
Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro jarriko ditu, eta EEEk eta Espainiako Industria Ministerioak gainerakoa. Argindar kontsumitzaileek ordaintzen duten aurrezteko zergatik bildutako dirua da laguntzetara bideratuko dutena.
Aurtengo laguntzek badituzte zenbait berritasun. Esaterako, pedalei eragiteko lagunduriko sistema duten bizikletak erosten dituztenek 500 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte.
Autoei dagokienez, berriz, soilik elektrikoak, hibridoak eta bioerregaiak darabiltzatenak erosten lagunduko dute. Hibridoetan, gehienez 2.300 euro emango dituzte; gainerakoetan, 2.000 euro.
Etxetresna elektrikoetan, berriz, A motako hozkailu, izozkailu, garbigailu, ontzi garbigailu, labe eta bitrozeramika bat erosten duenari 125 euroko laguntza emango diote.
Galdaretan, zaharra ordezkatzeko berria erosten duenari bakarrik emango dizkiote laguntzak; gainerakoei, ez.
Renove plan berriak indarrean dira gaurtik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu