Aspalditik dago tematuta Europako Batasuna estatu arteko deiak estatu barrukoekin parekatzearekin. Urtez urte joan da urratsak eginez, eta erabiltzaileen poltsikoek nabaritu dute. Azkenengo pausoa eman du orain. Parlamentuak gehiengoz onartu zuen, atzo, roaming-aren gainkostuak ezabatzea. Erabaki horren eraginez, Euskal Herriko edozein tokitara deitzeak prezio berbera izango du, baita sareko konexioak ere.
2015eko abenduaren 15etik aurrera jarriko da martxan neurria. Aurrez, aurtengo uztailean, beste beherakada bat izango da. Gaur egun, egindako telefono deiaren minutuak 24 zentimoko kostua du, eta jasotakoarenak, 7 zentimokoa. SMS bat bidaltzeak 8 zentimo balio du, eta megabyte bat deskargatzeak, 45 zentimo. Uztailetik aurrera egindako minutuak 19 zentimoko prezioa izango du, eta jasotakoak, 5 zentimokoa. SMSak 6 zentimotara pasatuko dira, eta megabytea, 20ra.
Salbuespenezko hainbat kasutan bakarrik onartuko da ibiltaritza tarifak aplikatzea. Roaming-aren gainkostuak ezabatzeko proposamenak telefono konpainien haserrea eragin zuen hasiera batean. Alabaina, haietako batzuek datorren urte amaierara itxaron gabe parekatu dituzte prezioak. Neelie Kroes Agenda Digitaleko komisarioak ere dio gainkostuak ezabatzea onuragarria izango dela enpresentzat. Izan ere, Eurobarometroaren arabera, Europako hamar herritarretik zazpik mugatu egiten dute sakelakoaren erabilera atzerrira joaten denean, eta %94k datuetarako sarbidea eteten dute.
Internet bizkortzeko eskaera
Hainbat konpainiaren jarduerak ere eragiten dio kezka Europako Parlamentuari. Ikusi du Internet hornitzaile batzuek blokeatu edo mantsotu egiten dutela sarerako sarbidea beren bezeroek lehiakideen zerbitzuak erabili nahi dituztenean. Esaterako, Skype erabili nahi dutenean, doako deiak emateko aukera ematen baitu. Parlamentuak eskatu du debekatzeko halakoak.
Era berean, konpainiei eskatu die sakelakoetan Internet azkarragoa eskaintzeko, gero eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen baitu telefonoa datuak deskargatzeko.
'Roaming' kosturik ez da izango Ipar eta Hego arteko deietan
2015eko abenduaren 15ean jarriko da martxan neurria; aurtengo uztailean berriro merkatuko dira tarifak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu