Saint Gobain eraikuntza materiala ekoizten duen Frantziako multinazionalak Euskal Herrian dituen lantokietako bi ixteko asmoa du. Irailean jakinarazi zuen Berriobeitin (Nafarroa) duen higatzeko erreminten planta ixteko asmoa zuela —lehen Norton zena— eta ELA sindikatuak gaur zabaldu du asmo bera duela Izurtzako (Bizkaia) Chryso Aditivos lantegiarekin.
Bi asmoak gauzatuz gero, 71 kaleratze lirateke guztira: 42 Nafarroan eta 29 Bizkaian. ELAk salatu duenez, Chrysoren itxieraren arrazoia deslokalizazioa da. Izan ere, Saint Gobainek Fosroc enpresa erosi du eta Izurtzako egungo ekoizpen guztia Toledon (Espainia) duen plantara eraman nahi du. Sindikatuaren ustez ez dago ixteko arrazoirik eta prozesuak irregulartasun ugari ditu. Langileek seigarren greba eguna dute gaur.
Berriobeitiko prozesua aurreratuago doa. Nafarroako plantak bi atal ditu: batean lurrak eta piezak higatzeko produktuak ekoizten diru, eta bestean taldearen produktuak saltzen ditu. Saint Gobainek aurreneko hori itxi nahi du eta hilaren 15ean aurkeztu zion erregulazio txostena lan agintaritzari. Zuzendaritza eta langile batzordea hasiak dira bilerak egiten —azaroaren 6an eta 13an egingo dituzte azken bi bilerak—.
Bilerak hasi dituzte, baina batzordea ez dator bat enpresaren argudioekin. Gaitzetsi dute itxieraren benetako arrazoia deslokalizazioa dela eta lan karga Alemaniara eta Poloniara eraman nahi dutela. Batzordeak, halaber, argitu du ez dagoela arrazoirik erregulazioa egiteko, haien arabera enpresak irabaziak izan zituelako iaz eta ez dagoelako ekoizpen arazorik. Gaur Berriobeitiko lantegitik Nafarroako Parlamenturainoko bidea egin dute oinez, Kaleratzerik ez zioen pankarta eskuetan zutela.Â
Langileen izenean, Manuel Arce enpresa batzordeko presidenteak (CCOO) esku hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta atsekabetuta azaldu da orain arte exekutiboaren aldetik jasotako erantzunarekin: «Esan digute paperak ongi entregatuz gero, haiek ezer gutxi egin zezaketela».Â