Joan den ostiralean, Saint Gobain konpainiak iragarri zuen erregulazio espediente bat aurkeztu nahi zuela lantaldea txikitzeko Berriobeitiko bere lantegian (Nafarroa). 45 langileren lanpostua dago kolokan, baina hori baino ondorio sakonagoak izan ditzake espedienteak: Berriobeitin produktu urratzaileen ekoizpena etetea. Metalak, beirak eta beste material gogorrak leuntzeko eta moldatzeko erabiltzen diren materialak dira urratzaileak.
Fabrika itxiko duten beldur da enpresa batzordea, gaur goizean kaleratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez. Izan ere, kaleratze guztiak ekoizpenaren arloan egin nahi du Frantziako multinazionalak, eta adar komertzialari eutsi nahi dio.
Iragarpena salatu dute langileen ordezkariek, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote bitartekari lana egin dezan, «deslokalizazioa eteteko, beste kolpe bat izango litzatekeelako Nafarroako industria ehunarentzat».
UGTk bi ordezkari ditu enpresa batzordean, eta bana dute CCOOk, ELAk eta LABek.
Enpresa historikoa da Saint Gobain, 1665. urtean sortu baitzuten, beira egiteko. Gaur egun 63 lantoki ditu Saint Gobainek, eta 10.500 langile inguru.
Berriobeitiko lantegia 1967an eraiki zuen AEBetako enpresa batek, Nortonek, produktu urratzaileak egiteko. Konpainia hura, ordea, Frantziako Saint Gobainek erosi zuen 1990ean, eta, harekin batera, Berriobeitiko fabrika ere.