Smartphone edo telefono aurreratuen merkatuak beste bide bat hartu beharko du ziurrenik: sakelakoen ekoizleek Applerekin akordioa lortu beharko dute haren patenteak erabili eta antzeko sakelakoak egiteko, edota berrikuntzaren alde egin beharko dute antzekotasunik ez izateko. Kaliforniako San Joseko auzitegi batek (AEB) Samsung Hego Koreako enpresa zigortzeak sor ditzakeen berehalako ondorioak dira horiek.
800 milioi euroko isuna ezarri diote. Izan ere, Apple Kaliforniako enpresak egindako sakelako telefonoen eta tableten diseinuaren bi patente eta sistema eragilearen sei «nahita» kopiatu ditu Samsungek, epai horren arabera. Baina, horretaz gain, baita Microsoften hiru ere. Patente horiek Galaxy sakelakoak eta tabletak egiteko erabili ditu. Kopiatutako patenteen kopurua hamabostera irits daiteke, Applek beste salaketa batzuk baitauzka jarrita iPad tabletaren zortzi patenterengatik.
Samsungek Googleren Android sistema eragilea erabiltzen du. Hortaz, Samsungen atzean, Googleren eta Appleren arteko lehia dago. Hala, eta bere patenteak kopiatu eta erabiltzen dituela argudiatuz, Samsungek ere Apple salatu du: Interneterako konexiorako gailua eta 3G ahotsa eta datuak igortzekoa kopiatu izana leporatuta. Epaileak, baina, ez ditu onartu emandako argudioak, eta bertan behera utzi ditu Appleren aurkako salaketak. Epai horren aurka helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.
Behin-behineko epaia zinpeko epaimahai batek hartu du, eta behin betikoa irailaren 20ean emango du epaileak. Hori dela eta, baliteke behin-behinean ezarritako isuna motz geratu, eta isun handiagoa ezartzea. Baina honako erabaki hau ere har dezake Appleren eskariz: Samsungen produktuen salmenta debekatzea AEBetan.
Ezbaian jarritako sakelakoak orain arte merkaturatutakoak dira, baina produktu guztiak debekatuz gero, Samsungek ezingo luke merkaturatu Galaxy S3 smartphone berria. Horrek bidea libre utziko lioke Applek udazkenean merkaturatu nahi dueniPhone berriari.
Saltzen dituzten sakelakoen kopuruak badu zeresana tirabira horretan: Appleren iPhone bakoitzeko, Samsungen hiru telefono saltzen baitira munduan. Samsung da telefono gehien saltzen duen enpresa; Nokiaren hamalau urteko nagusitasuna bertan behera utzi du.
Epaiaren ondorioz, Samsungeko akzioek %7,05 egin dute behera Seulgo burtsan. Applerenak, berriz, asko igo dira azken egunetan, epaiketa zela eta, eta atzo ere gora egin zuten: %1,95. Tartean, Nokia dago. Izan ere, azken hilabeteetako gainbeheraren ostean, Samsungen produktuen balizko debekuarekin, akzioak %7,57 garestitu dira.
Etsaia, etxean
Patenteen erabilerak sortu du sakelako telefonoen industriako munduko bi enpresa handienen arteko gatazka. Sakelakoen ekoizle guztiek beste enpresa batzuek sortutako patenteak erabiltzen dituzte beraienak sortzeko. Horren adibide da Googlek epaiaren karietara esandakoa: «Sakelako telefonoen sektorea azkar mugitzen da, eta parte hartzaile guztiek urteetan izandako ideietan sortzen dituzte beren patenteak».
Patente horiek erabiltzeko eta merkaturatu ahal izateko, akordioak egiten dituzte. Horren trukean, dirua ematen diote elkarri. Esaterako, epaile batek hala ebatzita, 480 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Applek Nokiari iaz, Nokiaren jabetzaren inguruko osagaiak erabiltzeagatik, hau da, saldutako iPhone bakoitzeko, 9,20 euro eman zizkion.
Applek Samsung eraman du auzitara, eta alderantziz. Baina Applek egiten dituen iPhonen osagaien %26 Samsungek egiten ditu. Samsungek urteko lehen seihilekoan lortutako irabazien %60, berriz, Appleren patenteen ustezko erabileragatik izan da.
Bata bestearen osagaien erabilera debekatuz gero, horrek enpresen arteko harremanetan aro berri bat ireki dezake. Izan ere, ezerezetik sortu beharko dituzte osagai guztiak, beste enpresa baten patenteak ezingo dituztelako erabili. Hori horrela, sakelako telefonoak garestitu egingo lirateke ikerketa eta ekoizpen gastuei aurre egin ahal izateko.
Patenteen erregistroa herrialde bakoitzean desberdina da. AEBetan 20 urteko iraupena dute, eta ia edozer patenta daiteke. Herrialde bakoitzeko berezitasunak direla eta, herrialde bakoitzeko auzitegietara jo behar da babes bila.
Appleren ustezko kopia diren diseinuaren bi patenteak Android sistema duten sakelako telefono askok dituzte: hala nolaHTCk eta ZTEk. Izan ere, pantailan ikusten dena hatzarekin handitu edo txikitu egin daiteke patente horren bidez.Osagai hori duten produktuen merkaturatzea AEBetan debekatuz gero, patente hori duten sakelako guztien salerosketa bertan behera utz dezakete. Beraz, Samsungen aurka egiteaz gain, gainerako enpresen aurkako epaia ere izan daiteke.
Sakelakoak, epaitegien menpe
Samsungen kontrako eta Appleren aldeko epaiak sakelako telefonoen etorkizuna baldintzatu eta mugatu dezakeEpaia behin betikoa izaten bada, mesede egingo die teknologia propioa dutenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu