Auzitegiak

Salinas ez espetxeratzea erabaki du epaileak, LABen helegitea onartuta

Nafarroako auzitegiko 1. aretoak 450 euroko isuna ezarri dio LABeko kideari. Salinasek jasandako presioak salatu ditu sindikatuak, eta justiziaren jarrera "antisindikala" kritikatu du.

Imanol Salinas, LABek haren aurkako auzibidea salatzeko deitutako manifestazio baten buru. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2019ko urriaren 1a
14:39
Entzun

Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiko Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko zigorra ezarri zion Imanol Salinas LABeko kideari hiriko La Sangiovesa jatetxean egindako protesta batengatik. Protesta hartan ez zela indarkeriarik egon, eta helegitea jarri zuen sindikatuak. Orain, epaileak ontzat eman du LABek jarritako helegitearen zati bat (indarkeriarik ez zela egon, alegia). Hala, epai berrian, protestan mehatxu arina egin zela ebatzita, 450 euroko isuna jarri dio. Isuna sindikatuko borroka kutxak hartuko du bere gain.

Gaur, LABen egoitzaren aurrean, agerraldi jendetsua egin dute, eta bai sindikatuak eta bai Imanol Salinas berak ere egunotan jasotako elkartasunari eta batez ere mobilizazioei eman diete garrantzia. "Honetatik guztitik ateratzen dudan ondorio pertsonala da egia zela mobilizazioarekin eta salaketekin lortzen zela epaiketa gainditzea", esan du Salinasek, babesa eman dieten guztiei. "Eurek lortu dute epaiari buelta ematea; bestela, orain bestelako epai bat egongo zen. Gizartean pil-pilean egon da, eta epaitegia behartu dute tesia aldatzera".

Dena den, sindikatuak "larritzat" jotzen du sindikatuko ordezkari bat espetxera joateko arriskuan egon izana lan eskubideak defenditzeagatik. Sidikatuaren ustez, sanferminetako talde bortxaketaren auzian agerian geratu zen "sistema judizialaren zati handi bat patriarkatuaren mesedetan" zela, eta orain, berriz, agerian geratu da "joera antisindikala" ere baduela. "Foruzaingoa, lan ikuskaritza eta fiskaltza ez dira mugitzen enpresetan lan esplotazioa eta prekaritatea dagoenean; aldiz, hori salatzen duten sindikalisten aurka ari da".

Urriaren 10eko epaiketa

Auzia hemen amaituagatik, aurki, urriaren 10ean, Imanol Salinas eta Jose Javier Oses epaituak izango dira Huerta de Peraltako lan gatazkan grebalariak ordezkatzen ari zirela salatzeko enpresa aurrean furgoneta bat aparkatzeagatik. "Kasu honetan, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzen ari ziren, eta produktua Almeria eta Murtziatik ekartzen ari ziren. Hori eragozteko, ekintza hori egin zuen sindikatuak", azaldu dute gaur.

Hain zuzen ere, Emilio Labellak epaituko ditu, maiatzean 21 hileko zigorra ezarri zuen epaile berak. Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinakundearen arabera, horrek "ez du bermerik" ematen, eta "zentzugabekeria judiziala" da. Juridikoki ere aztertzen ari dira ea epaileak auzi hori epaitu ez dezan eska daitekeen —epailea, gainera, enpresaren toki berekoa da, Azkoiengoa—. Hala ez balitz ere, Karreraren arabera, epaileak bi bide ditu, Karreraren ustez: "Lehen aretoak auzi honetan ezarritako irizpideei heltzea edo mantentzea zentzugabekeria horretan".

Hori salatzeko, autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute. "Ikusita zer joera duen espero dugu ez dela epai bidezkoa izango". Autoinkulpazio kanpainarekin salatuko dute ez Salinas ez Oses ez dira errudun, eta prekarietatearen aurkako ekintza sindikala "inoiz baino beharrezkoagoa" dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.