Maiatzean, lau herrialdeetan handitu dira salmentak, baina alde handiekin. Araban, ia %70 auto berri gehiago saldu dituzte; %48 gehiago Gipuzkoan; eta %37 gehiago Bizkaian. Nafarroan, aldiz, %1era ere ez da iritsi hazkundea. Kontuan izan behar da, ordea, han iazko maiatzean hasi zirela salmentak hazten.
Salmentak bide onetik joanagatik, ez daude batere lasai Anfac Espainiako auto fabrikatzaileen eta Ganvam saltzaileen elkarteak. Azken asteetan kontzesionarioetan askoz jende gutxiago dabilela diote, eta eskarietan jaitsiera antzematen hasi direla. Hain zuzen, apiriletik maiatzera, %20 murriztu da auto berrien eskaria. Gainera, jaitsiera hori, etor daitekeenaren aurrerapena baino ez dela uste dute, uztailetik aurrera, balio erantsiaren zerga %16tik %18ra igo ostean, gainbehera areagotu egingo delako.
Juan Antonio Sanchez Torres Ganvameko presidentearen hitzetan, «datorren hiletik aurrera hondoa jo dezake auto merkatua». Azken hilabeteetako hazkunde datuak «ezohikoak» direla onartu du, baina haren iritziz, inola ere ez dira merkatua bere onera etortzen ari den seinale, diru laguntzak dituztelako oinarrian. Sektoreak aurrera egingo badu, laguntza plana hirugarrenez luzatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Gehien saldutako markak
URTARRILETIK MAIATZERARenault: 2.887 auto saldu ditu Hego Euskal Herrian, beste inork baino gehiago.
Volkswagen: 2.366 auto.
Citroen: 2.320 auto.
Opel: 2.312 auto.
Peugeot: 2.040 auto.
Ford: 1.666 auto.
Seat: 1.600 auto.
Nissan: 1.428 auto.
Toyota: 1.203 auto.