Sapak AEBetako armadaren 5.000 milioi euroko kontratu batean parte hartuko du

Hurrengo belaunaldiko tankeen transmisio sistemak egingo ditu Andoaingo enpresa horrek.

Saparen transmisio sistemak erabiltzen dituzten Dragon 8x8 modeloko tanke batzuk.  JULIO MUÑOZ / EFE
Saparen transmisio sistemak erabiltzen dituzten Dragon 8x8 modeloko tanke batzuk. JULIO MUÑOZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 10a
10:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Industria militarra garai gozoan dago, baita Euskal Herrian ere. Andoaingo (Gipuzkoa) Sapa enpresak jakinarazi duenez, akordioa sinatu du General Dynamics multinazionalarekin, eta, besteak beste, AEBetako armadaren hurrengo belaunaldiko ibilgailu blindatuetarako transmisio sistemak egingo ditu, Defentsa Departamentuaren Next Gen Combat Vehicle programaren barruan. Zehazki, 7.000 tankerentzat garatuko du teknologia hori. Kontratuaren balioa 5.000 milioi euro ingurukoa da, eta 2024ra urtera arte luzatuko da. Sapak bere historian egindako «nazioarteko kontraturik garrantzitsuena» da.

Transmisio sistemak AEBetan ekoiztuko ditu, han duen plantan, eta Andoaindik arduratuko dira I+G ikerketa eta garapenarekin lotutako lanez. Sapak 2020an ireki zuen Shelbyko (Michigan) lantegia: han 60 langile ditu, baina hurrengo urteetan lantaldea handitzeko asmoa duela azaldu du. Andoainen, berriz, 360 langile ditu, eta horietatik %30ek I+G sailean dihardute. Enpresak aurreikusten du 110 milioi euroko fakturazioa izango duela 2026rako, baina sei urteren buruan 800 milioira iristea espero du, AEBetan eta Europan egin dituen kontratu berriei esker.

Azken 20 urteetan, konpainiak 17 programatan parte hartu du. Konpainiak azpimarratu duenez, bere teknologia patentatua EB eta NATOren proiektu nagusietan txertatzea lortu du. Besteak beste, MARTE (Main Armoured Tank of Europe) programaren buruetako bat da: horren barruan, Europako etorkizuneko tankearen egitasmoan parte hartzen ari da.

Sapak, bereziki, motorrentzako transmisio sistemak egiten ditu; enpresak berak dioenez, bere teknologiak motorraren potentziaren %90 baliatzen du, eta, ohiko erabilerez gain, adimen artifiziala integratzen du, unean-unean milaka datu aztertuz ibilgailuaren erantzuna eta energiaren kudeaketa optimizatzeko. Horrek errepidearen orografia, gidariaren estiloa eta operazio baldintzak kontuan hartzen dituela dio, eta «mugikortasun militarraren eraginkortasuna» handitzen dela horrela.

Lehen lerroan

Jokin Aperribai Realeko presidentea eta haren familia dira Sapa enpresaren jabe. Bere ekoizpena ia esklusiboki armagintzara bideratzen du. Azken urteetan garrantzi handiko mugimendu batzuk egin ditu. 2021ean, Indra konpainian zuen parte hartzea %5etik %8,5era handitu zuen, eta eserleku bat eskuratu administrazio kontseiluan. Indra estrategikoa izaten ari da Europako diru laguntzak erakartzeko Espainiako Gobernua armagintzaren sektorean bultzatzen ari den enpresa kontzentrazioan. Gobernua da enpresaren akziodun nagusia, eta Indra sektorearen motorra bilakatu da.

Tedae Espainiako Defentsa, Aeronautika eta Espazioko Teknologien Elkartearen arabera,  Hego Euskal Herrian 28.478 pertsonak egiten dute lan sektorean. Armak edo gerrako ibilgailuak ekoizten dituzten puntako hogei enpresa inguru daude. Garrantzitsuenak: Sener, Sapa, ITP Aero, Aernnova, MTorres, Aciturri eta Satlantis. Arlo militarrean 318 milioi euro inguru fakturatu zituzten iaz. Sektore osoa kontuan hartuta, 1.500 milioi euro inguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.