Saudi Arabiak BRICS taldera batzeko eskaera egin du

Txina eta Errusia alde daude, baina beste hiru kideek mesfidantzaz begiratzen diote aukera horri

Xi Jinping Txinako presdentea eta Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa, Pretorian, atzo. JKIM LUDBROOK / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Nazioarteko merkataritzaren indar harremanak aldatzeko urratsa egin nahi du BRICS taldeak —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika—. Blokera herrialde gehiago batzea aztertzen ari dira Johannesburgon (Hegoafrika) egiten ari diren goi bileran, eta hautagaien artean herrialde batek du aukera handiena: Saudi Arabiak. 2006an sortu zutenetik, taldea behin bakarrik handitu dute, 2010ean, Hegoafrikarekin. Bost herrialde bildu arren, munduko biztanleriaren %42 ordezkatzen du, barne produktu gordinaren %23 eta merkataritzaren %18.

«Taldea zabaltzeak eragin nabarmena izango luke, ez bakarrik BRICSen barruan, baita Hegoalde Globalean eta komunitate globalean ere», adierazi du Anil Sooklalek, Hegoafrikako negoziatzaileak. Hango funtzionarioek baieztatu dute Saudi Arabiak formalki egin duela bat egiteko eskaera, baina nabarmendu dute aurretik bost herrialdeek ados jarri behar dutela kide berriek bete behar dituzten baldintzen inguruan.

Hegoafrikako bileran parte hartzen ari diren agintarien artean hutsune handi bat dago: Vladimir Putin. Errusiako presidentea bideokonferentziaz parte hartzen ari da. Ez dago han, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana baitu Ukrainan gerra krimenak egin zituelakoan. Haren ordez, Sergei Lavrov Atzerri ministroa joan da.

Garrantzi handiko erabakia da taldean Saudia Arabia onartu ala ez. Munduko petrolio ekoizlerik handienen artean bigarrena da. Errusia eta Txinaren bloke ekonomikoan sartzeak are gehiago gaiztotuko lituzke Riaden eta Washingtonen arteko harremanak, eta indartu egingo luke BRICSen posizioa G7koen kontrapisu gisa.

Beste aukera bat da Saudi Arabia Garapen Berrirako Bankuan sartzea, hango bederatzigarren kide gisa. BRICSeko herrialdeek sortu zuten, 2015ean, eta Shanghain du egoitza. Arabiar Emirerri Batuak, Egipto eta Bangladesh ere badira kide. Saudi Arabia batzeak erakundearen finantzaketa aukerak indartuko lituzke, oso ahulduta baitaude. Ukrainako gerra dela eta, Moskutik jasotzen zituen aktiboak eten behar izan ditu bankuak, eta Errusian proiektu berriak finantzatzeari utzi behar izan dio, inbertitzaileei ziurtatzeko Mendebaldeak ezarritako zigorrak betetzen dituela. Horregatik da garrantzitsua bankuarentzat baliabide berriak erakartzea.

Washington eta Brusela, adi

Pekin eta Mosku taldea zabaltzearen alde daude, baina Brasilek, Indiak eta Hegoafrikak zalantza gehiago dituzte, BRICSen duten eragina ahulduko lukeelako horrek. Saudi Arabiaz gain, beste hautagai batzuk daude: Argentina, Aljeria, Egipto, Iran, Indonesia eta Arabiar Emirerri Batuak, besteak beste. «BRICS zabaltzea funtsezkoa da taldea biziberritzeko, eta uste dut pauso sendo bat emango dugula bilera honetan», adierazi du Chen Xiaodongek, Txinak Hegoafrikan duen enbaxadoreak.

AEBek nola edo hala eragotzi nahi dute hori, eta Hegoafrika, Brasil eta Indiarekin dituen harreman ekonomikoak ekarri ditu gogora. Europako Batzordea ere arreta handiz erreparatzen ari zaio bilerari; Peter Stano bozeramaileak taldeko kideei eskatu die gaitzets dezatela Errusiak Ukrainako gerran duen jarrera. Hala ere, ez dirudi hori horrela izango denik, ekainean BRICSen aurretiazko bileran agerian geratu zen bezala. Are, Errusiak babesa lortzeko balia dezake konferentzia, eta ez da baztertzen Putinek zereal bidalketa gehiago iragartzea garapen bidean dauden herrialdeentzat.

Taldearen zabalkundearekin batera, BRICSeko kideek beste puntu bat izango dute aztergai: nola apaldu dolarrak beren ekonomietan duen pisua. Ukrainako gerra hasi zenetik, pisua irabazi du beste dibisa batzuekin alderatuta, eta AEBetako Erreserba Federalak interes tasak igotzeko erabakiak zorra ordaintzea garestitu du herrialde askorentzat. Horri aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte. Ikusteko dago, halaber, diru komun bat sortzeko aukera ere mintzagai izango duten ala ez. Proiektua hastapenetan dago, eta ez dago argi inoiz gauzatuko den.

Gaurko espero dira mahai gainean dituzten gaiei buruzko xehetasunak. Bilera bihar amaituko da, BRICSeko eta «lagun diren herrialdeen» arteko elkarrizketekin. 67 agintari gonbidatu dituzte; horien artean Kubako presidente Miguel Diaz-Canel eta Boliviako Luis Arce, eta nazioarteko erakundeetako buruak, hala nola Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia eta Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.