SCA taldeak 18 milioi euro inbertitu ditu Alloko lantokia zabaltzeko

Suediako multinazionalak 2012an Georgia Pacific sortu zuenetik, 150 lanpostu sortu dira.Inauguratu berri den biltegi automatizatuari eta fabrika zabaltzeari esker, produkzio ahalmena bikoiztu dezake

J.R. Iratxeta, J. Munarriz, U. Barkos —1974ko inaugurazioko guraizeekin—, Zolker Voeller eta M. Aierdi, atzo. IDOIA ZABALETA / ARP.
joxerra senar
Allo
2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urte pasatu dira SCA Svenska Cellulosa Aktiebolaget talde suediarrak Georgia Pacific enpresa erosi zuenetik, Alloko fabrika (Nafarroa) barne. Lantokia handitu dute, ekoizpen linea berriak ezarri ere bai, eta produkzio guztia automatikoki kamioietara banatzeko biltegi bat eraiki dute. Guztira, 18,5 milioi euro inbertitu ditu taldeak, eta inbertsio horrek produkzio ahalmena bikoizteko aukera emango dio. 2012tik 153 lanpostu sortu dira Allon, eta, egun, 410 langilek egiten dute lan han. Atzo izan zen inaugurazioa, eta mugarritzat jo zuen Juan Pablo Gallego lantokiko zuzendariak. Volker Zoeller taldeko presidenteak lehen aldia zuen atzo Nafarroan: «Egun handia da Allorentzat, etorkizunera begira diferentzia ezarriko duelako. Konfiantza osoa dugu proiektu honek ekarpena egingo diola gure hazkundeari».

Aurkezpen horretara aurkeztu ziren atzo goizean Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa, Javier Munarriz Alloko alkatea, udalbatzako hainbat zinegotzi eta SCA talde barruko zenbait goi kargudun eta langile. Kanpotik etorritakoei laburbildu zien fabrikaren jarduna Jose Ramon Iratxeta SCA Spaineko zuzendariak: «SCA papergintzako enpresa bat baino askoz gehiago da». Gaur egun, komuneko, sukaldeko eta makillajerako papera, paper zapiak eta oihalak ekoizten dira Allon. Era berean, Colhogar markako produktuez gain, Mercadona eta Eroskirentzako marka zuriko produktuak ere egiten dituzte.

«Albiste bikaina da garai honetan, krisiaren gogortasunak ez baitigu halako aukerarik sarritan eman», esan zuen Barkosek. Haren ustez, kalitatezko enplegua sortzeko bidea berrikuntzan oinarritutako produkzio eredutik etorriko da, eta baldintza horiek betetzen ditu SCAk.

Munarrizek gogoan eduki zuen Sarriok 1974an fabrika ireki arte nekazaritzara bideratutako herria zela Allo. 41 urtean, sei aldiz aldatu da eskuz lantokia —Sarrioz gain, Fort James, Jamont Tisu, James River eta Georgia Pacific—. Munarrizek gogora ekarri zuen herriarentzat eta eskualdearentzat «garrantzi handia» izan duela enpresak, eta itxaropentsu agertu zen etorkizunera begira: «SCAk lantokia erosi izanak mugarria ezarri du. Hiru urtean, %50 handitu da enplegua».

Hiru urteotan, SCAk Espainiako Carmonako lantokia itxi zuen, eta Kataluniako Medinako lantokian moldaketa egin; aldiz, Valls eta Alloko lantokietako ekoizpena handitu zuen. Iaz, hiru fabrika horietan 39 milioi euro fakturatu ziren, Europako Batasunean saldutakoaren %10, eta mundu osoan saldutakoaren %5. Munduan 44.000 langile ditu taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.